Martuteneko zubiko lanek Gros-Egia Martutene ibilbidea egiten duen zerbitzua moteldu egiten duela-eta hartu dute erabakia.

Apirilaren 11tik aurrera,
41-Gros-Egia-Martutene lineako ibilbidean behin behineko hainbat aldaketa egingo dituzte. Donostiako Tranbiaren Konpainiaren Zuzendari Gerente Igor Gonzalezek eta Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak azaldu dute behin behineko aldaketaren arrazoia: “Erabiltzaileek jakinarazi digute zerbitzuak puntualtasun eza duela eta, beraz, zerbitzua ez dela egokia. Eta horren arrazoia Martuteneko zubiaren obrak dira”.
Arazo gehien dituen linea dela azaldu dute, eta hobetzeko pauso batzuk eman dituzten arren – Martuteneko korridoreko zerbitzuetan gidari gehiago jarri dira eta Loiolako semaforoen sinkronizazioa aldatu da – ez dutela konpontzea lortu, esan dute: “Behin behineko aldaketa hau egitea onartu dugu, erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko eta, betiere, kontuan hartuta aldaketa horrek beste hainbat eragin izan ditzakeela”.
Martuteneko zubia irekitzen denean, 41. linearen ibilbidea lehengora itzuliko dela jakinarazi dute: “Jakin badakigu aldaketak hainbat erabiltzailerengan eraginak izango dituela, baina saiatu izan gara horiek ahalik eta txikienak izatea”.
Loiolako Erriberako auzo elkarteak ez du begi onez ikusi erabakia: “Ez da justua, eta ez da konponbidea. Zerbitzua murriztu dute gure auzoan, eta Atotxako autobus geltokitik Loiolako Erriberara itzultzeko aukera galdu dugu”.
Behin behineko aldaketak:
- Gros alderantz: Bartzelona 15eko eta Bartzelona 35eko geldialdiak beste geltoki bakar batean egingo dira, Bartzelona 37an, geltoki bietatik metro gutxira. Geltoki berri honetan iritsiera orduak adierazten dituen panel elektroniko bat instalatuko da.
- Martutene alderantz: linea honetarako, geltoki hauek kenduko dira: Frantziskotarrak (Martutene alderantz), Mandasko Dukea 3 (Martutene alderantz), Renfe-Bus Geltokiak, Federico Garcia Lorca 6, Mundaiz zubia eta Aldunaene. Karmengo Ama 3tik Bartzelona 10era zuzenean joango da, Egia kaletik, Sarasola Zubitik eta Loiolako Erribera pasealekutik, autobus geltoki berria martxan jarri aurretik egiten zuen moduan. Frantziskotarren eta Mandasko Dukea 3ko geltokiak ez dira kenduko Gros alderantz.
Tren eta autobus geltokietako erabiltzaileek, Erriberetara, Loiolara, Txominera eta Martutenera joan nahi izanez gero, 41-Gros-Egia-Martutene linea hartu ahal izango dute Frantziskotarren geltokian (pasabidea igarota).
Lineaz aldatu eta 26-Amara-Martutene linea hartu dezakete, baita ere, Erdialdean edo Amaran, aurretik linea hauek hartuta:
- 44-Renfe-Bus Geltokiak,
- 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo,
- 17-Gros-Amara-Miramon
- eta 24-Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo.
Era berean, Aldunaene aldeko bizilagunek 37-Rodil-Zorroaga linearen zerbitzua dute Grosetik eta Erdialdetik.