Parkinsonaren ikerketaren aldeko ongintza ekitaldi bat antolatu du Aspargik
Kursaalen egingo dute, apirilaren 13an, 20:00etan, elkartea zein gaitza ezagutzera emateko.
Parkinson gaitzaren munduko egunaren harira –apirilak 11–, Aspargik urtero jardueraren bat antolatzen du, gaitza eta elkartea erakustarazteko. Aurten harago joan nahi dute, eta erronka berri bat finkatu dute. Izan ere, apirilaren 13an Parkinsonaren ikerketaren aldeko ongintza ekitaldi bat egingo dute lehenengoz. Hala, bertan jasotzen duten dirua gaitza ikertzeko bideratuko dute, aurrerago deituko duten beka baten bitartez. Ekitaldia Kursaalen izango da, kubo txikian, 20:00etan, eta musika izango da nagusi.
Ongintza ekitaldian eskuzabalki musikari zein artista ugarik hartuko dute parte. Tartean, Iñaki Salvador eta Pascal Gaigne pianistak, Bisuteria Orkestra, Ritxi Salaberria baxua, Iñaki Diegez eta Aitor Furundarena soinu-jotzaileak, Aiert Beobide dantzaria, Zo Zongo batukada, eta Amaia Zubiria eta Ainara Ortega abeslariak. Olatz Beobide aktoreak eta Asier Hernandezek aurkezpen lanak egingo dituzte. Orotara, ordu eta erdiko ekitaldia izango da.
Sartzeko 19 euro ordaindu beharko dira, eta bildutako diru hori gaitza ikertzeko proiektu bati emango diote. Hain justu, bigarren urtea da beka bat eskaintzen dutela. Modu horretan, eta behin ekitaldia igarotzen denean, proiektuak aurkezteko epea zabalduko dute. Iaz 6.000 euro bildu zituzten, eta irabazleari eman zizkioten proiektua gara zezan.