Apirilaren 26ko udalbatzarrean emango zaio behin betiko onarpena prozesuari.

Lur sailak egoera honetan daude gaur egun. Aieteko osasun etxea bertan eraikiko dute. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aurreikusitako epean doaz
Aieteko osasun etxe berria egin ahal izateko izapideak. Herritarrekin batera lursail egoki bat aukeratu ostean, gune hori bereganatu eta erabilera bat eman ahal izateko egokitu du
Donostiako Udalak, Hirigintza Plan Berezia aldatuz.
Jendaurrean egon dira neurri hauek guztiak, eta ezustekorik ez bada, apirileko udalbatzarrean, hilaren 26an, emango zaie behin betiko onarpena. Ondoren, Pio Baroja eta Aiete pasealekuaren artean dagoen lursaila Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko litzateke, lanak hasteko.
1.012,72 metro koadro ditu lursailak, eta horietatik 757,67 metro koadro osasun etxea egiteko erabiliko dira. Eraikinak, gainera, soto bat izango du, Osakidetzaren beharretarako egokituz.