Kanpainaren helburua da bioeraikuntzaren bidez, Gipuzkoako ikasleen artean materialen berrerabilpena sustatzea, eta heziketa zein bioaniztasuna bezalako kontzeptuak heziketa arloan lantzea.
Cristina Enea Fundazioa, Kursaal Green eta Aranzadi elkarteko ordezkariak, habia-kutxa eta tabako makina banarekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Txoriak proiektua diseinatu berri du
Cristina Enea Fundazioak,
Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta
Kursaal Greenekin elkarlanean. Kanpainaren helburua da bioeraikuntzaren bidez, Gipuzkoako ikasleen artean materialen
berrerabilpena sustatzea, eta
heziketa zein
bioaniztasuna bezalako kontzeptuak heziketa arloan lantzea. Hala, duela hamar urte arrakasta izan ez zuen proiektu bat eraldatu dute. Izan ere, tabakoa saltzeko makina batzuk habia-kutxa bilakatu dituzte. Dagoeneko Ategorrietako Ortzadar zentroak bere habia-kutxa eskuratu eta kokatu du.
Proiektuan parte hartzeko interesa duten ikastetxeek, beraz, epea zabalik dute, Cristina Enea Fundazioarekin harremanetan jarrita edo
Txoriak webgunean sartuta.
Ikastetxe bakoitzak habi-kutxa bat jasoko du, bere eraikin inguruan kokatzeko. Behin kokatuta, bertan habia egiteko hegaztiak iristeko zain egon beharko dute ikasleek. Horretarako, Cristina Enea Fundazioak, Aranzadirekin lankidetzan, material didaktikoa landu du. Material hori eskuragarri dago jada webgunean.
Tailer didaktikoak, Ulia Interpretazio Zentroan
Era berean, Ulia Interpretazio Zentroan
Zure buruaren gainetik izeneko tailer didaktikoak eskainiko dituzte, ikasleek gertuko hegazti arruntenak eta euren bizilekuen ezaugarri nagusienak ikas ditzaten. Aranzadiko adituen arabera, kutxetan habia egin dezakeen
hegazti ohikoena da kaskabeltz handia: “Hirian ditugun zuhaitzak gazteak dira, eta ez daude zulo gehiegi. Hortaz, hutsune hori beteko dute habia-kutxek”.
Ikasleek beraien habia-kutxen
jarraipena webgunetik egiteko aukera izango dute. Modu horretan, eskola bakoitzak gune bat izango du webgunean, eta albiste edo post gisa prozesua nola garatzen ari den elkarbanatuko dute.
Dena den,
proiektua irekia da, eta parte hartu nahi duten enpresa eta erakundeei ere zuzenduta dago. Horretarako, habia-kutxen amabitxi edo aitabitxi izateko aukera eskainiko zaie. Hala, 80 tabako makina habia-kutxa bilakatzea da xedea.