Ongi etorri hiriburura!
Hainbat aurpegi ezagun zein ezezagun ikus daitezke eraikin eta kaleetatik zintzilik, Europako kultur hiriburutzaren erakargarri gisa.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak kanpaina berezi bat jarri du abian, udaberriaren etorrerarekin: hiriko hainbat kale eta eraikin publikotan ongi etorri kartelak zintzilikatu ditu, aurpegi ezagunak eta ezezagunak uztartuta. Kultur jardueretan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dute horrela, bai bisitariei, baita herritarrei ere.
Realeko jokalari Xabi Prieto eta Asier Illarramendi, Jon Maia dantzaria, Gaztelubideko Danbor Nagusi Jose Ramon Mendizabal eta Elena Arzak sukaldaria daude aurpegi ezagunen artean. Hauekin batera, herritar arruntak ere islatu nahi izan dituzte, kanpaina parte hartzaileagoa izateko. Hori bai, batzuk zein besteak izen, abizen eta euren lanbide edo zaletasunarekin agertzen dira karteletan; Patricia Beldarrain ikasle eta surflaria, Ramon Hernandez lorezaina, Iñigo Ansa turismo gida edo Marti Kilpatrick gozogilea, aurpegi ezezagunetako batzuk aipatzearren.
Salbuespenak ere badaude. Denak dira donostiarrak, baina irudi bat izenik gabe agertzen da, berak eskatuta. Udaltzain bat ikus daiteke ongi etorria ematen, udaletxea zaintzen duen kameretako baten ondoan.