"Gure asmoa edozein animatzea da, kuadrilla, eragile edo norbanako gisa"
Añorgatarrek maiatzaren 2an ekingo diote euskara hutsean hitz egiteko esperientziari.
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako esperientziaren ostean, Añorgara joango da euskararen lekukoa. Hala jakinarazi zuten añorgatarrek duela bi aste, eta proiektua indarra hartzen ari da. Horrela, euskara hutsean aritzeko konpromisoa hartuko dute Añorgako hainbat bizilagunek, maiatzaren 2tik ekainaren 3ra, astebeteko txandetan. “Auzoz auzo etenik gabe arituko den esperientzia izatea nahi dute. Proposamena egin ziguten Añorgakoei, eta baiezkoa eman genuen”, azaldu du Maddi del Campo añorgatarrak.
Batzar ireki bat egin zuten apirila hasieran, eta hamabost lagun inguru batu ziren: “Orain auzoan zabaltzen ari gara deia, pixkanaka jende gehiago batzeko. Gure asmoa da edozein animatzea, kuadrilla, eragile edo norbanako gisa”. Hori bai, badakite auzo txikia dela eurena: “Kuadrilla batean bazaude, eragilea ere bazara eta norbanako gisa ere parte hartu dezakezu. Hain txikia denez, denak gaude denean, baina ahalik eta jende gehien batzea da gure asmoa”. Izena emateko posta elektroniko bat zabaldu dute: anorganeuskaraz@gmail.com. Partaide kopurua zenbatekoa izan daitekeen ez dakite, baina ilusioz beteak daude. “Atxikimenduak jasotzen ari gara, kuadrilla batzuk izena eman dute, eta ikastolak ere interesa azaldu du”, argitu du del Campok.
Horrela zabaldu dute ikus-entzunezko batean: “Añorgan euskaraz bizi nahi dut, baina beldur naiz besteek zer pentsatuko ote duten. Ez dut inor mindu nahi, lotsa ematen dit, eta isildu egiten naiz. Ideia bat daukat ordea: Esperimentu bat egitera goaz; astez aste, kuadrillaz kuadrilla. Añorgan euskaraz biziko gara! Bakarrik ezin dut, elkarrekin egingo dugu!
Egian 350 lagun inguruk parte hartu zuten esperientzian, urtarriletik martxora, eta ondorio oso baikorrak atera zituzten. Añorgartarren txanda da orain.