Larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatuko dute
Amarako Jagoba Codo presoa etxeratzeko kontzentrazioa egingo dute Prim kaleko anbulategian.
Ernai-k. Jagoba Codo Amarako presoa askatzeko eskatuko dute ostegunean, Prim kaleko anbulategian egingo duten kontzentrazioan (19:00). Espondilitis ankilosantea du, gaixotasun reumatiko sendaezin eta kronikoa. 2012an diagnostikatu zioten. Castello II espetxera urrundu zuten iaz (etxetik 480 kilometrora), eta 15 urte darama espetxean.
Ernaik plazaratutako idatziaren arabera, egun 387 euskal preso daude Frantzia eta Espainiako 72 espetxetan sakabanatuta, “beraien etxetatik ehunka kilometrotara isolatuz”. Larri gaixotuta dauden presoak 11 direla jakinarazi dute. Eta hiru dira espetxe arinduan dauden presoak. Ernairen ustez, “euren eritasunari aurre egiten ari direlako, preso politiko hauek bi bider kondenatuak dira egoera gupidagabe batetan”.
Donostian, Hernanin, Lasarte-Orian eta Errenteria-Oreretan lau kasu daudela adierazi dute -Jagoba Codorena barne-: “Lau herritar, lau gaixotasun, lau kondena luze”. Aitzor Gogorza oreretarra, Ibon Fernandez lasartearra, Garikoitz Arruarte hernaniarra eta Jagoba Codo donostiarra dira lau kasu hauek. Hauetaz gain, beste zazpi preso ere espetxean larriki gaixo daudela salatu dute: Txus Martin, Ibon Iparragirre, Juan Jose Rego, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Iñaki Etxeberria, Josetxo Arizkuren eta Gorka Fraile.
“Euskal preso eta iheslariak etxeratzeko borrokan gazteek lehen lerroan egon behar dutela uste du Ernai-k, eta osasun egoera larrian dauden presoen alde mobilizatuko dela adierazi du. Ostegunean, Donostian ez ezik, Oreretan, Hernanin eta Lasarte-Orian ere kontzentrazioak egingo dituzte.
Ez dugu itxoiterik, larriki gaixo dauden presoak etxera! lelopean protestara deitu du