Frantziako Tourreko podiumera zortzi aldiz igotzeagatik da ezaguna Raymond Poulidor, baina sekula ez irabazle gisa. 80 urte bete berri ditu txirrindulari frantziarrak, eta hirian ere garaipenak ihes egin zion azken metroetan.

Poulidor. (Argazkia: france5.fr)
Raymond Poulidor (Merignat, 1936) txirrindulari handia izan zen XX. mendeko bigarren zatian, nahiz eta bere abizena garaipena lortu ezinik ibiltzen diren txirrindulariak izendatzeko erabili ohi den, goitizen bezala.
Frantziarrak 80 urte bete zituen joan den apirilaren 15ean, eta bizkar gainean duen zorigaiztoko kondairarekin bizitzera ohitu behar izan du. Eta hori guztia hainbeste eta hain gutxi eman dion lasterketaren ondorioz: Frantziako Tourra.
Ez dago proba garrantzitsuagorik munduan, txirrindularitzari dagokionez. Bada, Pou Pou zortzi aldiz igo da Parisko podiumera, baina sekula ez garaile gisa. Balentriak erdietsi ditu Tourrean, zazpi etapa garaipen ditu, baina elastiko horia etxeratu ez izana gurutzebidea izan da bere bizitzan: hiru aldiz izan da bigarren, eta bost aldiz hirugarren.
Donostian ere ez zuen zorte onik izan. 1969. urtean, Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapan bigarren sailkatu zen, Luis Ocañaren atzetik, ihesaldi bikain bati bukaera eskasa eman eta gero. Hain zuzen ere, frantziarrak eta espainiarrak Jaizkibelen gora ihes egin zuten tropeletik, Jacques Anquetil ahalguztiduna atzean utzita. Tropelak erantsiko zituela zirudien, baina Poulidorrek eta Ocañak dena utzi zuten errepidean. Oso ondo moldatu ziren, nahiz eta lehietatik kanpo nahikoa tirabirak zituzten, eta Belodromoan ezarritako helmugara bakarrik iritsiko zirela zirudien.
Eta hala izan zen, baina ez elkarrekin. Belodromoan sartzeko pasabidea hartu baino lehen, Poulidorrek gaizki ulertu zituen bertan zegoen poliziaren keinuak, eta hogei metro desbideratu behar izan zuen, ondoren berriro bide egokia hartzeko. Ocañak, berriz, zuzen jarraitu zuen, eta besoak altxatu zituen belodromoko helmugan.
Biharamunean, Poulidorrek arantza kendu zuen, Bilboko erlojupekoa irabazita. Hori bai, 1969. urteko Euskal Herriko Itzulia ez zuen ez Ocañak, ezta Poulidorrek irabazi. Jacques Anquetil handiak bereganatu zuen, bigarren etapan ihesaldi batean sartzeagatik, Gasteiz eta Iruñea artekoan. Eibarren amaitu zen urte hartako ekitaldia, aurtengoan bezala.
Poulidorrek, baina, irabaztea zer den ondo baino hobeto daki; bere garaipenen zerrenda, lekuko. 189 garaipen pilatu zituen bere txirrindularitza ibilbidean; bi Pariz-Niza, bi Dauphine Libere eta Milan-San Remo eta Flecha Valona bana, tartean. Irabazle sena zuen Poulidorrek, kondairak dioenaren kontra.