Herri kontsulten araudia bertan behera geratu da
Zezenketen inguruko galdeketa airean geratu da.
Donostiako Udalak badu helegitea jartzeko aukera, baina ez du horren inguruko azalpenik eman oraindik.
Dena dela, Naiz-en arabera, Eneko Goia alkateak araudia duen garrantzia nabarmendu du. Udal batek herritarren iritzia jasotzeko tresnarik ez izatea ez dela zilegia adierazi du, eta arduraz jokatu arren, zezenketan inguruan galdetzeko bidea aurkituko omen du udalak.
Iazko apirilean onartu zuen udalbatzak ahobatez Herri Kontsulten udal araudia. Hainbat gizarte eragilek hartu zuten parte osaketan. Araudi horretan oinarrituta zen egitekoa zezenketen inguruko galdeketa ere. Iraila da Eneko Goia alkateak iragarri duen data, baina gaur gaurkoz, airean dago galdeketa.
EH Bilduk auzitegiaren erabakiaren aurrean lehen balorazioa egin du.
Herritar kontsulten erreglamendua herritar eta eragileen artean osatu izanak duen garrantzia azpimarratu du Axier Jaka zinegotziak. Araudia bertan behera uztea “demokraziaren eta donostiarren adierazpen eta iritzi eskubidearen aurkako eraso larria” dela esan du.
Udal autonomiaren aurkako erasotzat ere jo du “mespretxatu egiten ditu udal ordezkariek ahobatez hartutako erabakia”.
Dena dela, Espainiako Gobernuak Euskal Herriko erakundeen aurka duen jarreraren beste adibide bat dela esan du Jakak. Telefono konpainien antenak eta kalamu elkarteak arautzen dituen erreglamenduak ere inpugnatuak daudela gogoratu du, esaterako.
Dena dela, udal taldeen babes osoa jaso zuenez kontsulten araudiak eta bere “zilegitasun osoa” berresteko, epaia errekurritzeko eskatu diote Eneko Goia alkateari, “donostiar guztien eskubideen defentsan”.
Gainera, herri kontsultaren sorreran parte hartu zuten norbanako eta eragileei egungo egoeraren berri emateko Gizarte Kontseilua deitu eta agerraldi ireki bat egiteko ere eskatu dute EH Bilduko ordezkariek.
Bereziki gogoan izan ditu zezenketen inguruko herri galdeketa sustatu duten Donostia Antitaurina Orain taldeko kideak. Gai hau bideratuta egonik, zezenketen inguruko galdeketarekin aurrera egiteko eskatu du EH Bilduk.
Espainiako Estatuaren Abokatuak Donostiako Udal Arauaren kontra jarritako inpugnazioa onartu du EAEko auzitegiak, beraz, momentuz baliogabetuta geratu da araua.