"Physis vs Pelax ilusio handia egiten digun istoriotxoa da"
Unai Pelayo 'Pelax' eta Beñat Antxustegi Txondorra kultur gunean ariko dira zuzenean igandean.
Txondorra kultur gunean emango duen kontzertuaz. Ez da bakarrik egongo. Berarekin izango da Beñat Antxustegi. Biek elkarrekin osatzen dute Physis vs Pelax.
Physis vs Pelax, edo Beñat Antxustegi vs Unai Pelayo. Nortzuk zarete? Nola hasi zineten musikan?
Elkarrekin denbora asko pasa, eta gustura gauden bi lagun gara. Duela 10 urte hasi ginen kontzertuak ematen, eta bakoitza bere bidetik hasi baginen ere, oso gertuko harremana izan genuen hasieratik. Nerabe ginela ezagutu genuen elkar, institutu garaian, amankomunean genuen lagun baten bitartez, Iñaki Lujanbio, alegia. Geroztik ez dugu harremana galdu. Gertutik jarraitu ditugu elkarren proiektuak, eta kolaborazio txiki batzuk ere egin ditugu bidean.
Egun, zein proiektutan zabiltzate?
Egiako Unai Pelayo ‘Pelax’ musikariarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, igandean (maiatzak 8, 18:00)
Beñat Antxustegi Physis vs Nomos proiektuarekin dabil buru-belarri. Disko berria kaleratzear da, bere hirugarren lan luzea izango dena. Zuzenekoetan topera dabil ere, eta Xalba Ramirez, Joska Natke eta Gartxot Unsain batu zaizkio, banda sendoa osatuz. Bi Zaldi, Txemak eta beste hainbat saltsa gehiagotan ere badabil.
Pelax egitasmoarekin oraintxe bertan formatu txikiko kontzertuak eskaintzen gabiltza, tartean kantu berriak sortzen. Andoni Olaetxea, Iñigo Ozaeta, Eneko Sierra, Aitor Rubio, Iker Vazquez eta Beñatekin hilabetero kontzertuak eskaini ostean udarararte atsedena hartzeko erabakia hartu dugu. Hala ere elkarrekin ensaiatzeko geratzen gara noizbehinka, kantu berriak sortzeko xedearekin. Cowboy’s Orchestran musikari eta lagun oso onak bildu gara, eta hau aprobetxatu nahi dugu.
Physis vs Pelax ilusio handia egiten digun istoriotxoa da. Bien kantak uztartzen ditugu zuzenekoetan. Elkarrekin musika sortzeko asmoa ere badugu, akaso disko luze bat elkarrekin ekoizteko…
Nolakoa izango da igandeko kontzertua?
Imaginatzen dugu lagun eta ezagunak hurbilduko direla Txondorra kultur gunera. Intimoa eta lagunartekoa izango da. Hainbat lagunek ere kantu batzuekin lagunduko digute. Aurretik, solasaldia egongo da, eta gurekin azken aldian asko jotzen duen musikari batek gidatuko du, Eneko Sierrak. Giro polita sortuko dela uste dugu. Txondorra horrelako emanaldientzako toki aproposa da. Entzulea eta musikariaren arteko harremana oso estua egiten du espazioak. Datorrena, entzutera etortzen da, eta musikariak asko eskertzen du hori. Hemendik pasa diren guztiek hori nabarmendu dute. Kontzertuetara joatea gustuko duen jendeak atmosfera atsegina topatuko du.
-Hurrengo kontzertua Txondorran? Noiz eta nor?
Mateolika bartzelonarrak etorri behar zuen maiatzean, baina Euskal Herrian eman behar zuen beste kontzertua erori zitzaion, eta bertan bera utzi behar izan du euskal biratxoa. Ander Mantala No bakarlariak bere disko berria aurkeztuko digu ekaineko igande batean. Udaran ziur antolatuko ditugula kontzertu gehiago, baina normalean hauek, eguraldi onarekin, kalean izaten dira, auzotarren laguntzaz egiten ditugunak.