Lagunekin Kantari hamabosgarrenez jarriko dute abian astelehenean; Antton Valverde musikaria eta Behi Bideko Andere Xuria taldea izango dira gonbidatuak
Ezkerretik eskuinera, Alberto Murua, Rosi Garrido eta Karmelo Elizondo, Lagunekin Kantari jardueraren antolatzaile batzuk. (Argazkia: L.Ferreira)
Ohiturari jarraituz, maiatzarekin emango diote hasiera Lagunekin Kantari jarduerari. Zehazki, datorren astetik aurrera, hiru astelehenez egingo dituzte saioak: maiatzaren 9an, 16an eta 23an, Larrotxene kultur etxean. Maiatzaren 27an, amaiera emango diote, kantu jira eta kantu afari baten bitartez. Intxaurrondo Zaharreko bizilagunen elkartea-Intxaurrondo Kantuzek eta Donostia Kulturak antolatzen duten hamabosgarren ekitaldia da aurtengoa.
Intxaurrondo Kantuzek ikasturteari amaiera emateko modu bat dela diote antolatzaileek: «Hilabeteetan egiten duguna kanporatu eta praktikan jartzen dugu ikasitakoa. Gainera, irekia denez, jendeak ezagutu eta ikusteko aukera dauka. Abeslariak ekartzen ditugu kolore gehiago jartzeko eta erakargarriagoa izateko. Areto osoa betetzen da, eta giro oso polita sortzen da».
Hala, Antton Valverde musikari donostiarrak irekiko du auzoko hitzordurik kantuzaleena. «Duela urte batzuk parte hartu zuen, eta aurten bueltan da. Bere abestiak kantatuko ditu; kantu taldearekin batera beste batzuk; eta, azkenik, taldeak berak Valverderi eskainiko dizkio hainbat abesti», azaldu du jardueraren antolatzaile Rosi Garridok. «Gu bilakatuko gara artistak eta bera izango da entzulea», gaineratu du Karmelo Elizondok, Lagunekin Kantariko beste antolatzaileetako batek.
Areto berean izango da, ondoren, Ipar Euskal Herritik etorritako musika talde bat: Behi Bideko Andere Xuriak. Egun horretan ere, musikariek jendearentzako kontzertua emango dute lehenengo. Eta, bigarren zatian, abeslari eta protagonista bihurtuko dira herritarrak, abesti herrikoiak denon artean kantatzeko.
Irekia eta parte hartzailea
Saioa jarraitzeko eta abesteko aukera izan dezan, abesti guztien hitzekin liburuxkak banatzen dizkiote publikoari. Irekia da guztiz, eta ordu eta erdiko iraupena izaten du emanaldi bakoitzak.
Hirugarren astelehenean, Alberto Muruaren zuzendaritzapean, Intxaurrondo Kantuzeko partaideak izago dira protagonistetako batzuk. Garridok adierazi duenaren arabera, «Altza eta Amarako kantu taldeak ere etorriko dira, eta Paco Sexmilok, Itziar Zamorak eta Juanlu Aranburuk parte hartuko dute, besteak beste».
Elizondo eta Garridok bi urte daramatzate antolatzaile gisa, eta esan dute iaz Altzako taldea lehen aldiz animatu zela Lagunekin Kantarin parte hartzera. «Jende gehiagok parte hartzeko asmoz, pentsatu genuen beraiek gonbidatzea. Hasieran, jendearen aurrean kantatzea lotsa ematen ziela esan zuten, beraiek oso gaizki abesten zutela. Baina, azkenean, etorri ziren eta oso polita izan zen. Nahiz eta urduri egon, oso ondo egiten zuten. Aurten errepikatuko dute; beraz, gustuko duten seinale!», esan du barrez Garridok.
Lagunekin Kantari ez da kantaldi sorta huts bat. Izan ere,
Entzuteko atsegina, kantatzeko plazerra lelopean, harago doa; eta publikoaren parte hartzea du oinarri. Hain justu, publikoak zein gonbidatutako abeslariek batera kantatzea du berezitasunik handiena.
Hortaz, abesteko ohitura sustatzea bilatzen dute Lagunekin Kantari jardueraren antolatzaileek, baina baita Intxaurrondoko auzo bizitza suspertzea ere. Hori dela eta, urtero legez, azken egunean abestiak kalera aterako dituzte, kantu jira moduan. Hain zuzen ere, Larrotxenetik abiatuko dira, eta inguruko kaleetara kantak eramango dituzte.
Benetako bukaera, ordea, horren ondorengo kantu afaria izango da. Artzak Ortzeok elkartean egingo dute. Txartelak aldez aurretik erosi beharko dira, 16 euroren truke, lehenengo saiotik aurrera, Larrotxene kultur etxean bertan.
LAGUNEKIN KANTARI – EGITARAUA
- Maiatzak 9 (19:30). Antton Valverde musikari donostiarraren emanaldia.
- Maiatzak 16 (19:30). Behi Bideko Andere Xuria taldearen emanaldia.
- Maiatzak 23 (19:30). Etxekoekin kantari: Donostiako kantu taldeen emanaldia.
- Maiatzak 27. Kantu jira (20:00) eta kantu afaria (22:00). Lagun taldea Larrotxene aurrean elkartu eta kantua zein dantza kalera aterako dituzte. Ondoren, kantu afaria egingo dute, Artzak Ortzeok elkartean (16 euro).