Benito Lertxundik jasoko du Adarra Saria
Benito Lertxundik jasoko du 2016ko Adarra Saria. Zehazki, ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko eguna dela-eta, emango diote garaikurra musikari oriotarrari; Viktoria Eugenia Antzokian, 20:00etan. Ekitaldirako sarrerek 22 euro balio dute eta jada eros daitezke, Viktoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Berak gogokoena duena eginez burutu du Lertxundik 50 urteko ibilbidea, Euskal Herrian barrena kontzertuak eskainiz. Oroimenaren Oraina izeneko diskoa ardatz zuen biran ibili ondoren, zuzenekoetan murgildurik jarraitzen du, eta kantu berriak ere aurkezteko ditu. Noski, bere kanturik ezagunenek ere tokia izango dute, bere ohiko musikariez inguratuta.
Benito Lertxundi 1942an jaio zen, eta bederatzi anai-arrebetatik gazteena da. Musika txikitatik ezagutu zuen etxean, ohitura baitzen familia giroan abestea.Ez dok amairu taldeko partaide izan zen.1968an bi disko txiki argitaratu zituenetik etengabe diskoak sortzen eman ditu 42 urte, moda guztien gainetik bide pertsonala garatuz. Epaimahaiaren ustez, euskal kantagintza berriak eman duen musikaririk emankor eta beteranoenetakoa da, Euskal Herrian zein kanpoan miretsia.
Donostiako Udalak Donostia Kulturaren bitartez 2014an sortu zuen Adarra Saria. Urtero artista bat omentze da helburua, euskal musikaren arloan garrantzia edo eragin bereziko ibilbidea egin duelako edo egiten ari delako. Mikel Laboa eta Ruper Ordorika izan dira aurreko bi urteetako sarituak.