Interneten, tokirik ez gorrotoari
Gorrotoaren sustapena eta gorroto krimenak zuzenean daude lotuta. Esaldi horrekin abiatzen du SOS Arrazakeriak gorrotoaren diskurtsoaren kontra abiatu duen kanpainaren oharra. “Hitzek eragina dute eta maiz talde gutxituen eta etorkinen kontra erabiltzen diren armak bilaka daitezke sare sozialetan”, gaineratzen du. Gipuzkoako SOS Arrazakeria Europako PRISM egitasmoan parte hartzen ari da, eta horren barruan BERRIA Taldearekin hitzarmen bat sinatu du kanpaina zabaltzen laguntzeko.
Europako hainbat herrialdeetako hedabideekin ari dira egiten PRISM egitasmoa, eta helburua da sare sozialetako gorrotoaren diskurtsoak atzeman, ekidin eta aurre egitea. BERRIAz gain, Italia, Frantzia, Errumania, Erresuma Batua eta Espainiako hedabideak ari dira parte hartzen. Sare sozialetan gorrotoaren diskurtsoari aurre egiteko hashtag bat zabaldu dute:#stopgorrotoarendiskurtsoari.