Bertako baserrietan ekoiztutako elikagaien alde

Ikastetxeetan Ekolapiko egitasmoa indarrean jartzeko gida aurkeztu dute.

ekolapiko

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bat egin dute egitasmoarekin.

Ekolapiko egitasmoaren barruan hiru eragileek, Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), ikastetxeetan Ekolapiko egitasmoa indarrean jartzeko gidaliburua aurkeztu dute Donostian. Gidak egitasmoaren ibilbidean pilatutako esperientzia eta hausnarketak biltzen ditu, egitasmoa indarrean jartzeko irizpide, pauso eta xehetasunekin.

Ekolapiko bertako baserrietan ekoiztutako elikagaiekin elikadura ekologikoa eta osasuntsua ikastetxeetako jangeletan txertatzeko proiektu bezala 2006. urtearen amaieran eman zituen bere lehenengo urratsak, eta egun, hiru eragilek hartzen dute parte egitasmoan: Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK.

Donostiako Udalarekin elkarlanean, hiriko 3 haurreskolatan martxan jarri zen Ekolapiko bere hastapenetan, eta ondoren beste udalerri eta ikastetxe batzuetara hedatu zen: Usurbil, Beasain, Hernani, Oiartzun, Errenteria eta Ibarra. Segurako aterpetxea ere gehitu zen. Aurreneko esperientzien ondoren, denen balorazioa oso positiboa da orokorrean, bai elikagaien kalitatearengatik, bai eta baserritarrekin dituzten harremanengatik ere. Egun, 7 udalerritan dago indarrean  egitasmoa, eta egunero batez beste 675 otordu ekologiko prestatzen dira. Bere hastapenetatik egitasmoak hiru ardatz nagusi izan ditu: osasuna eta hezkuntza; ingurumena; eta landa-garapena. Txema Hernandez, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak egitasmoak ikasleen osasunean eta beren hezkuntzan egiten dituen ekarpen eta onurak azpimarratzen ditu: “Jangeletara kalitate handiko produktuak iristen dira, freskoak, baratzetik jaso berriak eta ekologikoki hazita, eta horrek eragin handia dauka ikasleen osasunean: bitamina, proteina eta beste elementu guztiak ezinhobeak dira eta ikasleak dira etekina jasotzen dutenak”. Nolanahi ere, proiektuak ahalegin handia egiten du nekazaritza ekologikoaren eta elikadura osasuntsuaren inguruko kontzientziazioan. ”Horretarako, material didaktikoak garatu dira eta bisita gidatuak antolatzen dira ekoizleen baserrietara. Baliabide horiekin guztiekin, ikasleek hobeto jaten dute eta horren garrantzia hobeto ulertzeko aukera dute”. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako jantokietan bi kudeaketa-eredu desberdin daude: katering sistema alde batetik, eta eskolako sukaldeetan bertan janaria prestatzen dutenak, bestetik. Bertan sukaldatzen dutenen artean produktu konbentzionalak edo ekologikoak aukera daitezke.
Gida hau, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetara bidaliko da datozen egunetan, ikastetxe bakoitzak egitasmoa bertan txertatu ahal izateko irizpideak eta jarraibideak ezagutu ditzan. Dokumentua eskuragarri egongo da baita ere hiru eragileen webguneetan, interesa duen edonork doan kontsultatu eta deskargatu dezan. Jarraian, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek egindako bideoa:
HITZAkide HITZAkide