Mireia Mochales auzotarra eta Iñigo Etxabe Txanpueneko maizterra. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Txanpuene baserriak, Amaran geratzen den azken baserria izateaz gain, badu altxor bat bere lurretan. 1.800. urte inguruko iturri-aska bat dauka. Jabeek ere ez zekiten horrenbesteko balioa zuenik, Aranzadiko lagun batzuekin gaia komentatu eta aztertzen hasi ziren arte. Amarako Mireia Mochales bizilagunaren arabera, hainbat liburutan jasota dago iturri honetako ura –inguruko baserrietan ziren beste hainbat iturri bezala– Donostia urez hornitzen zuen akueduktora iristen zela. Hain zuzen, akueduktoa Morlansen hasi, eta egungo Autonomia kaletik zehar, Parte Zaharreraino eramaten zuen. «Txanpuenetik ura hartzen zen Donostiara eramateko, eta abereak ere eramaten zituzten ura edateko.
Asteburu honetan, hain zuzen, iturria berreskuratu nahi dute auzolanaren bidez:?«Iturriaren eta baserriaren historia galtzeak pena handia ematen zigun. Nire adineko jendeak ziur ezagutzen duela hau guztia, baina donostiar asko daude hau guztia existitzen denik ere ez dakiena. 1940. urtea arte etxabetarren eta euren abereen beharrizanak asetzeko erabili zuten.
Larunbatean Txanpuenera (San Roke kalea) joateko deia egin dute, «hau guztia desagertu baino lehen». Auzolanean parte hartzera animatzeaz gain,
bisita gidatuak egingo dituztela plazaratu dute:?
11:00etan, 16:00etan eta 19:00etan. Egun osoan zabalik izango da baserria.
Aste honetan Donostia 2016ren Olatu Energiak programaren diru laguntza jaso du Txanpueneko iturriak. 2.016 euroko laguntza jasoko du iturria berreskuratzeko. Iturria udalak inguru honetan egitea aurreikusita dagoen Txanpon Enea parke berriaren barruan geldituko dela ziurtatu dute.
Aste honetan Txanpuene baserriari buruzko erreportaje zabala kaleratuko du IRUTXULOKO HITZAk.