Intxaurrondoko erromeria Uliako parkean egingo dute aurten

Beste urte bateko erromeria bat, Mendiola baserrian. (Argazkia: Intxaurrondo Zaharreko Jai Batzordea)
Parte hartzailea
Intxaurrrondo Zaharrekoentzako egun berezia da erromeriarena: “Jendea biltzeko eta giro onean ondo pasatzeko aukera paregabea izaten da”, azaldu dute jai batzordetik. Abestu, musean jolastu, dantzatu, jolastu… denetarik aurkituko dute erromeriara hurbiltzen diren heldu, haur zein gaztetxoek. Gainera, parte hartzeari garrantzi handia ematen diote antolatzaileek: “Azkeneko urtetan jendearen partaidetza handia nabaritu dugu bazkaria prestatzerako orduan. Guk material guztia ematen diegu, eta bakoitzak egiten du bere paella. Jendea bikoteka edo banaka ibiltzen da”. Horretaz gain, postre txapelketa ere egiten dute, eta bertan edozeinek hartu dezake parte. Momentuan erromerian daudenekin epamahai bat osatzen dute, eta horrela erabakitzen dituzte irabazleak. Mendiola baserrian egin izan dutenean, baserri mundua erakutsi izan diete haurrei, animaliak eta ingurunea ezagutu dezaten. Aurten, berriz, umeentzako tailer berezi bat eskainiko dute: “Uliako parkera ume gehiago hurbilduko direla uste dugu. Normalean, jolasak auzokoen artean prestatzen ditugu. Baina aurten jende gehiago etortzea espero dugunez, zerbait berezia antolatu nahi izan dugu”. Hala, jai batzordearekin harremanetan jarri zen mutil batek eskainiko du Peliñeko tailerra, Goma Eva materialarekin panpinak egiteko. Euria eginez gero, Uliako mintegietan dagoen gune estali batean egingo dituzte jarduerak. ULIAKO HAZTEGIKO ERROMERIA: EKAINAK 4, LARUNBATA- 11:00etan, Gunearen irekiera: musika eta pintxo beroak (odolki, txorizo eta txanpiak).
- Eguerdian, bazkaria: txorizo egosia, auzotarrek egindako paellak, txapelketako postreak eta kafea. Edaria barne. 10 euro. Bazkarirako txartelak Zulo Zahar, Erdikoa edo Leku Ederren eskuratu daitezke.
- 16:00etan mus txapelketa. Ondoren: umeentzako Peliñeko tailerra; eta, arratsaldean zehar, toka txapelketa.