Udal gobernua bakarrik geratu da Uliako mintegietako hirigintza proiektua babesteko orduan

EH Bilduk eta Irabazi Donostiak parkearen etorkizunari buruzko herri kontsulta bat egiteko eskaera erregistratuko dute
Uliako mintegien aldeko aldarria iritsi da udalbatzarrera. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Uliako mintegien aldeko aldarria iritsi da udalbatzarrera. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Uliako mintegietako hirigintza proiektuak gazteentzako 70 apartamentu aurreikusten ditu, eta proiektua gauzatu dadin Plan Orokorraren aldaketa onartu dute gaurko udalbatzarrean, EAJ eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak kontra bozkatu dute, eta PPk abstentzioaren alde egin du. Oposizioko hiru alderdiek gazteentzako apartamendtuak hiriko beste eremu batean eraikitzea proposatu dute, Uliako parkea bere osotasunean mantentzeko. Udal gobernuak, ordea, adierazi du hirigintza proiektua eta parkea bateragarriak direla, ur biltegiak eta eremu berdearen bi heren mantenduko dituztelakoan.

Uliatik hainbat bizilagun hurbildu dira udalbatzarrera, eta “Parkea babestu” leloarekin egin dute protesta. Eztabaidaren ondoren, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak jakinarazi dute herri kontsulta bat egiteko proposamen bat erregistratuko dutela, Uliako parkearen etorkizunari buruz herritarrei galdetzeko. Apirileko udalbatzarrera joango litzateke eskaera zuzenean, bi taldeek nahikoa zinegotzi dituztelako izapidea betetzeko. Zazpi behar dira, eta bi taldeek zortzi dituzte. Hala ere, babes zabalagoa bilatuko dutela iragarri dute, eta PPrengana ere joko dute proposamena sustatu dezan.

Ulia eta Intxaurrondo Zaharreko bizilagunei zuzendutako herri kontsulta bat izango litzateke, joan den legegintzaldian adostutako Herri Kontsulten Erreglamendua oinarri. “Irailean egiteko moduan” egongo litzateke, argi berdea jasoz gero. Hala adierazi dute proposamenaren sustatzaileek.

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend