"Añorgan aurrera begira jarrita gaude, eta etorkizuna berde kolorez irudikatzen dugu"
Mugimendu ekologistak ere bere egin zituen salaketa horiek. Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek berak ere zenbait irregulartasun izan direla aitortu du. Enpresarien “inpunitatea” eta Belartza inguruan ezarri nahi dituzten enpresek bultzatzen duten eredua dela eta, kezkatuta daudea adierazi dute: “Hala ere, eredua gustatu ez arren, degradatutako eremua den heinean, ulertzen dugu harrobi zaharrean hirigintza proiektu desberdinak garatzea”.
Adierazi dute aurrera begiratzen hasi nahi dutela, eta ez dutela “irregulartasunen inguruan sortu den giro zakarrean” murgildu nahi: “Añorgan aurrera begira jarrita gaude eta etorkizuna berde kolorez irudikatzen dugu; Belartzako zelai eta basoen kolore berdez”.
Belartzako harrobia bezala, degradatutako eta azpi erabilitako beste eremu asko dagoela uste dute, eta testuinguru horretan, Belartzako ingurua suntsitzeko beharrik ez dute ikusten: “Batetik, sekulako natur hondamendia litzateke. Bestetik, gaur gaurkoz añorgako baserritarrei lurrak expropiatzea ekarriko du. Eta berriro diogu, ez dago beharrik. Eskusaitzeta, 27. Poligonoa, Molinao… Belartzan txertatu nahi duten jarduera industrialerako nahikoa lur badago gehiago suntsitzen hasi gabe ere”.
Belartza 2 proiektua gelditzea posible dela uste dute: “Hala adierazi digu Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak aurreko asteetan egindako bileretan zein gaur bertan – joan den ostiralean- Donostiako Udaletxean bertan izan dugun bilkuran. Hirigintza Alorreko Plan Orokorra (HAPO-PGOU) aldatzea nahikoa litzateke horretarako eta hori bera behin baino gehiagotan egin da aurtengoan (adibidez, Garberarekin). Beraz, borondate politiko kontua da”.
Bi eskaera egin dituzte: Bata, “hirigintza iraunkorraren izenean, natura babesteko neurriak hartzea”. Beraien ustez, Donostian badaude industria jarduerara bideratutako eremuak, jarduera hauek sortzeko natura eta lurrak suntsitzeko beharrik izan gabe. Bestea, plan orokorra aldatzeko aukera herritarrekin parte hartze neurrien bidez gauzatzea: “Belartza 2ko proiektuaren inguruan gauza asko dago esateko oraindik, eta prozesu honen parte izan nahi dugu añorgatarrok. Parte hartze bideak martxan jarri behar direla entzuten diegu behin eta berriro politikariei, bada, aukera bikaina dugu oraingo honetan”.
Enrique Ramosekin uztailaren 1ean añorgan Plan Orokorraren aldaketa lantzeko bilera irekia egingo dutela esan dute. Udal ordezkariei eskatu diete Plan Orokorra aldatzeko beldurrik ez izateko: “Horrelakoetan sustatzaileei ordaindu beharreko kalte ordainen beldur izaten dira, baina, kasu honetan, obra egiteko zuten 4 urteko epea igarota, indemnizatuak izateko zuten eskubidea galdu dutela ulertzen dugu”.
Añorgako zenbait herritarrek Belartzaren inguruan sortutako zalaparta dela eta, prentsaurrekoa eman zuten ostiralean. Belartzako harrobi zaharreko lanetan obra eremutik kanpo eginiko zenbait jarduera salatu zituzten auzotarrek.