Igandera arte ziurtatua egongo da festa giroa Larratxon. Herreran larunbatean ekingo diote auzoa alaitzeari, baina hurrengo asteburuan lehertuko dira sanluisak.
Larratxoko jai batzordeko kideak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Jaien bolada jada hasi da hirian. Bidebieta eta Morlansen ostean, Larratxon eta Herreran bilduko dira inguruko festazaleak egunotan. Larratxon atzo ziren jaietako txupina botatzekoak, eta igandera arte zertaz gozatu izango dute. Herrerakoek, bihar, larunbata, ekingo diote jaietako giroari, baina, hurrengo asteburua izango dute jaietako asteburu indartsua. Hala, asteburu honetan, Larratxo konkistatzera joatekoak dira Herrerakoak: «Iaz hasi ziren esaten Larratxo konkistatzera etorriko zirela, eta gu harrituta geratu ginen! Ez dago lehiarik bi jaien artean, Herrerakoak etortzen dira Larratxora, eta ongi pasatzen dugu!», dio Larratxoko jai batzordeko Miren Garciak.
Larratxon, ikastolako jolastokian elkartuko dira bihar, 12:00etan, VI. Paella Txapelketarako, eta arrakasta handia du Garciaren hitzetan: «Ekainaren 2an zabaldu genuen, eta ordu eta erdi inguruan bete zen izen ematea. Guztira, 28 bikote izango dira aurten ere, eta 250 lagun inguru elkartuko gara paella erraldoia bazkaltzeko». Aurten, zoritxarrez, ez dute Juan Mari Arzak sukaldariaren bisitarik izango txapelketan; hala ere, jatetxeko beste sukaldari bat bertan izango da.
Arratsaldean ere ederki ibiliko dira: 16:00etan, haurren apar festa egingo dute lehen aldiz; eta, 18:30ean, Errenteriako Eureka Dance inauterietako taldeak ikuskizun bikaina eskainiko du, Disney-n girotutakoa.
Musikari dagokionez, orain arte plazan dj-ak edo erromeria izan dituzte, baina aurten biak izango dituzte. Jolastokian, berriz, rock jaialdiak izango dituzte ostiralean eta larunbatean.
Ane Lazkano Herrerako jai batzordeko kidea da, eta bere auzoko jaien xehetasunak azaldu ditu: «Badira urte batzuk apustu egin genuela jai hauengatik. Gure helburua da ahalik eta adin tarte zabalenera iristea. Azkenean, egitarau oso zabala ateratzen zaigu». Horrela, bi asteburuetan banatzen dute jaien egitaraua; lehenengoan, kirol jarduerak egiten dituzte, eta bigarrenean, parranda eta jai giroa zabaltzen dute auzoan.
Horrela, lehen egunetan, beti jaietan izan dituzten kirol lehien txanda izaten da: bihar goizean, Mozkor Frentekideoken Pala Txapelketetako finalak; igandean, mendi irteera, 8:30ean; eta Joakin Intxausti Pipasen XXXI. Herri Krosa, 10:30ean. «Gure asteburu indartsua bigarrena izaten da». Horrela bada, ostegunean botako dute txupina, 19:00etan, eta txupin berezia izango dute… elegantea! «Alfonbra gorria zabalduko dugu plazan, photocall-a egingo dugu eta pregoia irakurri ostean, xanpainarekin ospatuko dugu jaien hasiera», dio Lazkanok. Txupinaren ostean, pintxo poteari ekingo diote, eta sekula baino dotoreago ibiliko dira auzotarrak, auzoko tabernetan eta txosnan.
Ostiralean, jolasetan murgilduko dira bereziki, bai gazteak eta bai auzoko kuadrillak. «Azken urteetan oso ongi atera den kontu bat izan da. Gazte kuadrillak elkartzen dira, eta auzoan barrena jolasak egiten dituzte».
Herreran: Doctor Deseo
Herrerako jai batzordeko kideak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Herrerako jaietako pizgarri nagusia kontzertuak izaten ari dira azken urteetan, auzotik kanpokoak erakartzeko: «Herriko bizia guretzat badagoen arren, kostatzen da jaietara kanpoko jendea hurbiltzea. Beraz, apustu garrantzitsua egiten dugu musika talde ezagunak ekartzeko». Ekainaren 17an izango da Doctor Deseo, 22:00etan, Patxuko Nice eta Bad Sound Systemekin batera. «Herreratarrontzat sekulako poza da plaza betea ikustea! Eta horrek ere lagundu digu jaietan animatuagoak egoten, eta partehartzea handitzen. Oso pozik gaude eta jarraituko dugu bide beretik».
Berritasunetako bat: Herreronka. Eskoletako gazteen arteko erronka olinpikoa da. Euskal Jaian, berriz, Donostiako I. Trufa Azoka egingo dute.
Luisito eta Luisitak ez dute hutsik egingo euren auzoko jaietan. «Benidormen igarotzen dute euren oporraldia, eta ekainaren 18an izango da euren agerraldi ofiziala, haurren txupinean». Plaza, gainera, koloretsu egongo da, paella txapelketarekin.