Egian eta Grosen ere euskaraz
Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz egitasmoa aurreko legealdian jarri zuten abian. Euskararen erabilera sustatzeko eta areagotzeko helburuz sortu zuten; kasu honetan, ostalaritza eta merkataritza arloetan.
Kanpaina Egia eta Gros auzoetara zabalduko dute hilabete honetan. Eta udazkenean, berriz, Amara Berri, Loiokoa Erribera eta Altzara. Urtea amaitzerako auzo guztietara heldu nahi du egitasmoak.
Euskara Zerbitzuak kudeatzen duen egitasmo honetan parte hartzeko beharrezkoa da bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna izatea eta, era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea.
Baldintza horiek betetzen dituzten taberna, saltoki edo bestelako establezimenduak eranskailu bat jarriko dute kalera begira. Horrela, bezeroek bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezakete.
Lau aldaeratako eranskailuak eskaintzen dituzte: Tabernan ere euskaraz; Jatetxean ere euskaraz; dendan ere euskaraz; eta Hemen ere euskaraz. Hortaz gain, ordutegia euskaraz jartzeko euskarriak ere eskainiko dituzte.