Hirugarren astea beteko du Gipuzkoa Zutik mugimenduak igandean. Euren aldarrikapenetatik eta borroketatik harago, lortu nahi duten gizarte ereduaren isla izatea dute xede.

Gipuzkoa Zutik mugimenduko lan talde bat, asanbladan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Gipuzkoa Zutik mugimenduak hirugarren astea egingo du erraustegia ikur gisa hartuta elite politiko eta ekonomikoen aurkako protestan. Maiatzaren 29an, Gipuzkoa plazan egindako lehen asanbladan, hartu zituzten aurreneko erabakiak, eta oraindik oinarri beraren gainean eraikitzen jarraitzen dute: Gipuzkoa Zutik mugimendu “egonkorra” izatea nahi dute; erraustegia ikurtzat hartuta, “bestelako azpiegitura eta erabaki politiko zein ekonomikoren aurka” agertu dira, eta norbanako eta eragile ezberdinen arteko “sareak” sortu nahi dituzte.
Euren aldarrikapen eta borroketatik harago, moduek ere badute berritasunik. Ohikoak ez diren zenbait dinamika eta jokamolde eraman dituzte praktikara; baita munduko beste borroka batzuetatik Euskal Herrira ekarritako zenbait praktika ere. Gipuzkoa Zutikeko hiru kiderekin hitz egin du irutxuloko hitzak, mugimenduaren tripak ezagutzeko asmoz.
Oinarri baten gainean
“Haiek dira biolentoak, guk erresistentzia pasiboa egiten dugu; garrantzitsua da inork inor ez oztopatzea eta denok ondo sentiaraztea; kaleko jendea gara, eta kaleko jendearengana iritsi nahi dugu; bakoitzak askatasun osoz hitz egin dezake nahi duen hizkuntzan, baina euskarak lehentasuna edukiko du”. Horiek dira lehenengo egunetik hartu zituzten zenbait erabaki.
Azaldu dutenez, protesta egiteaz gain, altenatibak eraikitzea da Gipuzkoa Zutik mugimenduaren helburua. Ez daude konforme egungo gizarte ereduarekin, eta eurek beste bat proposatu nahi dute: “Eduki nahi dugun bizitza praktikara eraman nahi dugu”. Horretarako, “ezinbestekoa”?da denek erabakiguneetan parte hartzea.
“Ez da erraza ehunka pertsona biltzen den asanblada batean guztiek hitz egitea”, azaldu dute. Horregatik, lan talde bat arduratzen da dinamizazioaz.
Bestalde, jendearen parte hartzea bultzatzeko asmoz, munduko beste mugimendu batzuek aurretik erabili izan dituzten zenbait teknika erabiltzen dituzte: “M15 edo Nuit Debout bezalako mugimenduek erabiltzen dituzten teknikak gureganatu ditugu; askotan ez da erraza jendearen aurrean hitz egitea eta, horregatik, gure adostasuna edo desadostasuna azaltzeko zenbait keinu erabiltzen ditugu”.
Erabakiak hartu aurretik, lan talde txikietan eztabaidatzen ahalegintzen dira:?”Denbora gehiago eramaten du, baina jende gehiagoren ahotsa biltzeko aukera ere bai”.
Euskara nagusi
Dinamizazio lan taldeko kideak azaldu duenez, hainbat arau dituzte: esaterako, hitza hartzeak ezin du bi minutu baino gehiago iraun, eta behin hitza hartuta, beste bi txanda itxaron behar dira berriro hitz egiteko.
Asanblada guztien hasieran zenbait gauza gogorarazten dituzte; horien artean dago bakoitzak nahi duen hizkuntzan hitz egiteko askatasuna: “Asanbladak beti euskaraz izaten dira, eta asanbladaren hasieran itzulpena egiteko nor dagoen prest galdetzen dugu. Euskaraz ez dakitenak edo ondo moldatzen ez direnak eurengana gerturatzen dira”.
Euskararen presentzia nabarmena da asanbladetan, baina baita kanpora begirako komunikazioan ere. Sare sozialetan “indartsu” dabil mugimendua eta hizkuntza desberdinetan aritzen bada ere, euskaraz egiten du gehien: “Barne komunikazioko filosofia berbera erabiltzen dugu kanpora begira.
Euskaraz komunikatzen dugu gehien, nahiz eta beste hizkuntzek ere baduten tokia”. Dena den, komunikazio lan taldeko kide batek azaldu duenez, oraindik ez dira iritsi “Donostian hitz egiten diren beste zenbait hizkuntzetan komunikatzera”.
Uste dute oihartzun handia lortu dutela sare sozialen eta hedabide batzuen bitartez, nahiz eta “espero bezala” beste batzuek “entzungor” egin duten.
“Sentitzen duguna, egiten duguna, gure artean gertatzen ari den guzti hori kontatu nahi dugu. Sortzen ari garen hau ikusarazi nahi dugu”, azaldu dute.
Izan ere, askotan poliziaren “bortizkeria” izaten da soilik albistea: “Noski garrantzitsua dela hori ikusaraztea, baina gure mezuak eta bizipenak ere kontatu nahi ditugu”. Ez dute etengabe “katua eta saguaren jokora” jolastu nahi.
Azaldu dute zenbaitek “belarriak ireki ordez, itxi” egiten dituztela: “Ez gaituzte entzuten eta ez gaituzte entzun nahi”. Dena dela, mugimenduaren bozgorailu izateko euren esku dagoen guztia egiten ari direla jakinarazi dute.
Dantzan erantzun dute
Erresistentzia pasiboa egitea erabaki zuten lehen egunetik, eta horren hainbat adibide aipatu dituzte: “Elkano kalean dantzatu eta kantatu egin genuen Ertzaintzaren aurrean, baita asanblada egin ere”. Mugimenduak poliziaren aurrean hartu duen jarrerak “ezustean” harrapatu dituela uste dute:?”Horregatik, azken egunetan ez dira ausartu gure protesta baketsuak oztopatzera. Hori garaipen bat da”.
Hala ere, gogorarazi dute kide asko identifikatu eta batzuk atxilotu ere egin zituela Ertzaintzak: “Atxiloketek ekar ditzaketen ondorioei modu kolektiboan egingo diegu aurre. Ez gara bat edo bi, guztiok gara”.