Probestu plazari jai usaina dario
Amara Berriko bizilagunak jai giroan dabiltza. Ohiko moduan, Probestu plaza egokitu dute jaietarako. Berdin herri kirolak egiteko, toka txapelketarako, edo berdin dantzarako. Eta nola ez, urteroko txokoa paella lehiaketarako. Horretan harrapatu ditu IRUTXULOKO HITZAk.
Beteranoek ez dute amore ematen, baina gazteak ere indartsu datoz atzetik, ikusi bestela aurtengo parte hartzaileen maila.
Jai giroa dagoen lekuan aitzakirik ez, beraz, eguraldiak asko laguntzen ez badu ere, jardueraz beterik dute egitaraua datozen orduetarako Amara Berrin.
Bihar, kalejira, dantza emanaldia, herri bazkaria eta pintxo potea izango dituzte. Eta egutegiak hala aginduta, San Joan bezperako ospakizuna arte luzatuko dituzte aurtengo jaiak. Ohikoa den moduan, Anoetako estadioaren parean piztuko dute sua ostegunean, 22:30ak aldera.