"Metroa gelditu, Donostia ez zulatu"
Metroaren aurkako manifestazio egin dute, Easo plazatik abiatuta.
Ehunka lagunek egin dute eguerdian Easo plazatik Bulebarra arteko bidea. Ordu horretarako deitua baitzuen metroaren aurkako manifestazioa Satorralaia bizilagun elkarteak.
Gaiak kezkatzen baditu ere, umorerako tartea hartu dute gaurkoan, eta bertso eta kantu alaiez egin dute ibilbidea. Zaparrada handi bat ere izan dute bidean, baina euriak ez ditu euren aldarrikapenak isilarazi: Donostiak ez du metrorik behar!; Metroaren dirua, gastu sozialetan!; Non da parte hartzea? Inposaketa da!; Donostia oinez bai, metroa ez dugu nahi!; Metroa gelditu, Donostia ez zulatu!, eta antzerako leloak oihukatu dituzte ozen.
Metroa gelditu, herriari galdetu izan da muturreko kartelean jarri dute leloa. Horixe baita Satorralaia mugimenduak aldarrikatzen duena. Metroaren proiektua “zentzugabea” dela uste dute; ez dela beharrezkoa eta “ez dela egokia” gainera. Horregatik, Metroaren igarobidearen proiektua gelditzeko eskatu dute berriro. Eta garraio eredu egokiena erabakitzeko prozesu parte hartzaile bat jartzeko eskatu dute: “Informazio guztia mahai gainean izanda, eta patxadaz erabaki nahi dugu zer nolako garraio eredua nahi dugun”.
Foru Aldundiari metroaren inguruko galdeketa eskatzeko sinadurak biltzen ari dira Satorralaia mugimenduko kideak, eta gaurko elkarretaratzea ere baliatu dute horretarako. Manifestazioaren bukaeran sinadurak biltzen aritu dira Bulebarreko kiosko inguruan. “Herritarroi zuzenean eragiten digun erabaki batean parte hartzeko aukera izan nahi dugu”.
Kezka hori jendartera zabaldua dago, eta asko dira metroaren aurkako ahotsak. Pasa den astean 70 herritar ezagunek babesa eman zioten metroaren aurkako manifestuari. Gainera, metroaren proiektua “erabaki politikoa” dela uste dute, eta arduraz jokatzeko eskatu diete agintariei.
Hona manifestazioa, iruditan.