Ertzaintza Gipuzkoa Zutik-en asanbladaren aurka oldartu da
Gorka Bereziartua kazetariari eginiko erasoa salatu du 'Argia' aldizkariak.
Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideak asanblada egiten ari ziren Gipuzkoa plazan, Ertzaintza haien aurka oldartu zenean. Bilkura hasi bezain laster Ertzaintza pertsona bat identifikatzen saiatu zen. Tentsio uneak izan ziren, kolpeak eta bultzakadak, eta bi lagun identifikatu zituzten, tartean Argia-ko kazetari bat. Atzo igande arratsaldean gertatutakoa salatu du Gipuzkoa Zutik dinamikak.
Grabatzen ari zen Gorka Bereziartua Argia aldizkariko kazetaria; horretan ari zela, ertzain bat harengana joan, sakelako telefonoa kentzen saiatu eta lurrera bota zuen. Arropa apurtu zion, eta Ertzaintzaren oldarraldia grabatzen jarraitzea galarazi. Bereziartuak salaketa jarri du erasoa egin zion ertzainaren aurka.
Argia-ko lantaldeak Gorka Bereziartuari “babes eta elkartasun osoa” adierazi dio, Ertzaintzaren jarrera salatzeaz gain: “Eraso horien atzean kazetariak kikiltzeko asmoa dagoela ikusten dugu, eta informatzeko eskubidea eskubide unibertsala dela gogorarazi nahi dugu. Herritarrok gertatzen ari denaren berri izateko eskubidea dugu”. Horrekin lotuta, salatu dute azken asteetan Gipuzkoa Zutik dinamikaren baitan Donostiako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren ekintzak bideoan grabatzen aritu direnak identifikatzen eta “informatzeko eskubidea urratzen” aritu direla.
“Kalean publikoki gertatzen ari dena grabatzea eskubidea da, herritarren defentsa eta froga balizko botere gehiegikeriaren aurrean. Argia-ri egin zioten azken erasoaren harira, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak arbuiatu zuten mozal legea. Espero dugu ez dutela haren logika zigortzailea aplikatuko, eta informatzeko eskubidea berma dezatela eskatzen dugu”, lantaldeak adierazi duenez: “Mozal legearen espiritua ez aplikatzeko eskatzen dugu”.
Erasoak eraso, aldizkariko lantaldeak adierazi du “Argia-k hedabide gisa bere irakurle eta komunitatearentzat garrantzitsu diren gaien berri ematen” jarraituko duela: “Kazetaritza ez da delitua”.