Jendetza batu du GuraSOS elkarteak deitutako martxak
Erraustegiak haurrengan izango lituzkeen ondorioak salatzeko protesta egin zuten igandean.
Donostia beltzez jantzi zuten atzo, erraustegiaren aurka, eta errauste plantak txikiengan izango lituzkeen ondorioak salatzeko. Haurrak babesteko giza hesia irudikatu zuten hasi Antiguako tuneletik eta Alderdi Ederreraino, GuraSOS elkarteak deituta.
GuraSOS elkarteak gogorarazi du 200 eskola eta 69.000 haurretik gora daudela erraustegiaren eragin eremuaren barruan. “Informazioa da eskatzen duguna, egiazko informazioa”.
Mobilizazioarekin oharra bidali diete agintariei, gizartearen eta familien bidez: “Interes ekonomiko eta politikoen gainetik euren seme-alaben osasuna lehenets eta erakuts dezaten nahi dugu. Gutxieneko arriskua egoteak prebentzio eta babes printzipioak aplikatzea eskatzen du”.
Hiritar Erakundeen Foru Erregistroan izena emango du elkarteak, eta parte-hartze prozesua “‘erraustegia eraiki ala ez’ galderari zabaltzea” bideratzeko ekinbide juridikoa abiatuko du. GuraSOSek salatu du aldundiak iragarritako parte-hartze prozesuan ez dela aurreikusten azpiegiturari buruz eztabaidatzea: “Ez dio erantzuten Gipuzkoako gizarteak eskatzen duenari”.