Egiakoak Plazaundin elkartuko dira sanjoanetan
San Joan bezpera ospatzeko prest daude Egiakoak. Plazaundin elkartuko dira ostegun arratsaldean, udari ongietorria emateko. Ohi bezala, tortilla txapelketa egingo dute, eta bizilagunek egindako tortillak dastatuko dituzte 20:30ean, afari merienda goxo batean. Oilasko errea ere jateko aukera izango da.
Gauean, 22:00etan, lore sortak banatuko dira, eta ondoren sua piztuko dute. Musikarekin girotuko dute plaza, eta suaren inguruan dantzan ariko dira Egiakoak.