Bagera elkarteak 780 lore sorta banatuko ditu San Joan bezperan
Gau berezia da San Joan bezperakoa. Solstizioak uda iritsi dela adierazten du, eta ostegun gauean Euskal Herri osoan piztuko diren suek ere sasoi berriaren etorrera iragarriko dute. Sua da protagonista nagusia, sua baita garbitasunaren sinbolo eta ideia. San Joan bezperan sua piztu eta hainbat errito egiteko ohitura indartu da.
Baita sanjoanetako lore sortarena ere. San Joan bezpera Euskal Herriko sorginen gaua zela eta, San Joan lore sortak egiten ziren, gaitzak uxatu etxea babestu eta urte osorako osasuna ziurtatzeko. Ohitura zaharra berreskuratu eta mantendu nahi du Bagera elkarteak, eta aurten ere lore sortak banatuko ditu hainbat auzotan. Antiguan, 300; Egian, 300; Saguesen, 100; Bidebietan, 50; Aieten, 30. Guztira, 780 lore sorta.
San Joan bezperan jasotako hainbat landarerekin osatzen da lore sorta berezi hau. Lore eta landare hauek bildu behar dira:
-Usaina duen lorea: arrosa edo mihilua.
-Fruitua ematen duen landarea (urteko uzta oparoa izan dadin): galburua, arto landarearen zatia, babarrun edo patata hostoa.
-Basoko landare edo zuhaitz hostoak: garoa, lizarra…
-San Joan lorea: bitxilorea da Gipuzkoan (leukantenum).
-Gipuzkoako herri askotan erramua jartzen diote, osagai magiko garrantzitsua baita.
Diotenez, lore sorta honek naturaren indarra jasotzen du, eta etxean gordez gero, sorgin eta izpiritu gaiztoengandik babesten gaitu. Urte osoan izan behar da etxean. Hurrengo urteko sanjoanetan lore sorta zaharra ekarri eta sutara bota behar da; berriak ordezkatuko du erretakoa.