"Aurreko urteetan mila lore inguru saldu izan ditugu Antiguan"
Asko dira San Joan bezperan loreak erosten dituzten bizilagunak.
San Joan bezpera ospatuko dute gaur, eta sua izango da protagonista nagusia auzo eta herrietan. Dena den, San Joan suarekin batera badaude beste zenbait errito eta ohitura ere. Horietako bat da lore sortarena. San Joan bezpera Euskal Herriko sorginen gaua zela eta, San Joan lore sortak egiten ziren, gaitzak uxatu, etxea babestu eta urte osorako osasuna ziurtatzeko. Ohitura zaharrak mantentzen dituzte oraindik zenbaitek. Bretxako merkatuko lore dendan lan egiten duen Idurre Lopez de Etxezarretarekin egon da IRUTXULOKO HITZA. Nabaritzen al da San Joan bezperan lore gehiago saltzen dituzuela? Gaur oraindik ez dugu gehiegi nabaritu, baina azkena saldu ditugun loreak esaterako, bedeinkatu eta sutara botatzeko ziren. Aurreko urteetan Antiguakoek mila lore inguru erosi izan dizkigute San Joan bezpera dela eta, dirutza uzten zuten. Nolako loreak erosten dituzte? Hemengo jendeak gehien arrosak eta garoa erosten ditu, bakoitzak bere esanahia dauka; batak ona sinbolizatzen du eta besteak txarra. Salmentek gora egiten dute orduan? Bai, nabaritzen da. Dena den, egia da hemengo jende asko mendira joaten dela loreak hartzera eta ez dituzte hainbeste erosten. Baian adibidez Hego Ameriketako jendeak ere asko erosten ditu, Ekuadorrekoek gehienbat; petalodun loreak erostera dituzte. Beste erritual eta ohitura batzuk dituzte eta esanahi ezberdina ematen dizkiete loreei.