Julio Medemen 'La ballena real' film laburraren grabaketarekin bukatu zituzten asteazkenean Kalebegiak filmeko grabaketak.
Julio Medemek ‘La ballena real’ film laburra ekoitzi du Kalebegiak proiektuan (Argazkia: Malen Aldalur)
Amaitu dute Kalebegiak filmaren grabazioa. Donostia 2016 eta Moriati Produkzioak taldearen artean ekoitzi dute filma. Asteazkenean bukatu zituzten grabaketak Julio Medemen ‘La ballena real’ film laburrarekin. Ikus-entzunezko proiketuan ikusgai egongo den film labur bat da Medemena; 12 izango dira guztira. Film labur bakoitzak hamar minutuko iraupena izango du eta Donostian grabatua edo Donostia 2016ren balore nagusiekin, hau da, “bakea eta elkarbizitzarekin”, lotua egon beharko da. Kalebegiak filma Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute eta hiriko zenbait zinegile ezagunek hartu dute parte bertan. Julio Medemekin hitz egin dugu ‘La ballena real’ filmaren xehetasunak ezagutzeko.
Nola jaso zenuen Kalebegiak proiektuan parte hartzeko proposamena?
Orain urte bete inguru eskatu zidaten eta ilusio handia egin zidan. Donostia da nire hiria, ez soilik bertan jaio nintzelako baita zinemagintzako lehen hastapenak bertan egin nituelako ere.
Zer aurkituko dugu ‘La ballena real’ filmean?
Asko ezagutzen dut Donostiako historia eta asko gustatzen zait. Hiru elementu nagusi ditu film laburrak eta hirurak nahiko modu surrealistan eta umoretsuan lotzen ditut filmean: Baleen arratza, Maria Kristina erregina eta Kristobal Balentziaga diseinatzailea.
Zerbait aurreratzerik bai?
Traineru bateko txopan grabatu dugu film guztia. Itsasoan gertatzen da historia. Aitak kristobal eramaten du baleak arrantzatzera, gizontzea nahi duelako. Izan ere, amarekin josten ibiltzen da beti eta jostun eskuak ditu. Traineruan Maria Kristina erregina aurkitzen du, zeinak baleak ikustera joan nahi duen. Kontua da Kristobali gehiago gustatzen zaiola Maria Kristinaren soinekoa balea baino.
Ez da erraza izango traineru bateko txopan grabatzea.
Ez, ez da batere erraza. Lau aktore egon dira oso leku gutxian. Entseguak egiteko lurrean markatu behar izaten genuen espazioa. Baina oso ondo pasatu dugu.
Lehenengo fasea bukatu duzue. Orain muntaketa falta?
Asteazkenean bukatu genituen grabaketak eta bihar bertan hasiko naiz produkzio lanarekin. Grabaketak egiteko baldintzak ez ziren errazenak baina pozik nago, ondo atera da. Uste dut ondo kontatu dugula istorioa eta gogoz nago produkzio lanekin hasteko.