Mirakruz kaleko eraikina babesteko protesta egin dute
Mirakruz kaleko 19. zenbakiko eraikina arriskuan dago. Etxea erosi zuen higiezinen enpresak luxuzko etxebizitzak egin nahi ditu bertan, eta egun duen itxura guztiz aldatuko da.
Bertan bizi ziren auzotarrak jada joan dira euren etxeetatik, eta jabeak eraikina botatzeko baimena lortu duenez, litekeena da laster hastea Groseko eraikin zaharrenetako bat botatzeko lanak.
Atzo arratsaldean bizilagun talde batek protesta egin zuen eraikinaren kanpoaldean, ‘Zaharra ez da zaborra’ lelopean. Auto klasiko batzuk jarri zituzten etxearen atarian, eta Mirakruzeko eraikina babesteko pankartak jarri zituzten. Bizilagun andana elkartu ziren elkarretaratzean. Kontzertu txiki bat eman zuten protestaren bukaeran.
Eraikina berriz ere babestuta dauden eraikinen zerrendan sartzeko eskatu dute, eta XIX. mendeko eraikinak duen balioa aitortzea. Sinadurak biltzen jarraitzen dute, eta protesta ikusarazteko, Groseko bizilagun asko zinta hori eta beltzak jartzen ari dira balkoietan.