Elektrikari moduan egiten du lan Aida Zabalegik (Amara Berri, 1991). Irakasle ikasketak aurretik egin bazituen ere, duela bi aste aitarekin lanean hasi zen.

Aida Zabalegi. (Argazkia: Malen Aldalur)
Irakasle ikasketak egin, eta orain elektrikari.
Irakasle ikasketak egin nituen Donostian. Lau urtez teoria hutsa eman genuen, eta praktiketan hasi arte ia ez nuen ezer ikasi. Gero praktikak egin nituen Donostiako hir
u eskolatan: Amara Berrin, Orixen eta Jakintzan. Irakasle ikasketak nahiko erreta amaitu nituen. Nire aita autonomoa da, eta justu orduan hartu zuen erretiroa berarekin lan egiten zuenak. Berak proposatu zidan elektrikari gisa lan egitea, eta aukera polita iruditu zitzaidan ofizio berri bat ikasteko. Lanean hasi aurretik ziklo erdi bat egin nuen Politeknikoan.
Irakasle ikasketak bukatu eta segidan hasi zinen?
Ez. Ikasketak bukatu, eta gero urtebetez egon nintzen umeak zaintzen. Ondoren, beste urtebetez elektrikari ikasketak egin nituen, eta duela bi aste hasi nintzen aitarekin lanean.
Gustatu zaizkizu elektrikari ikasketak?
Bai, gustatu zaizkit. Hamalau pertsona ginen gelan, eta neska bakarra nintzen. Gainerakoak ni baino gazteagoak ziren, ziklo erdi bat izaterakoan gehienek 16-17 urte zituzten.
Zergatik ziklo erdia?
Goi mailako ziklo bat ere badago, baina hor gehiago ematen dira robotika eta halakoak. Nire aita betiko elektrizista horietako bat da, eta esan zidan nahikoa nuela ziklo erdiarekin.
Lehengora bueltatuz, hamalau lagun eta neska bakarra.
Bai, eta irakasle gehienak ere gizonezkoak ziren, emakume bat bakarrik izan nuen. Hala ere, gustura egon naiz. Hasieran erreparo pixka bat ematen zidan denak mutilak eta gainera gazteagoak izateak, baina egia esan oso ondo moldatu naiz, bai ikaskideekin baita irakasleekin ere. Dena den, pentsatzen dut lehenengo aldiz gelan ikusi nindutenean harrituta geratuko zirela. Egia esan inoiz ez dut hortaz hitz egin beraiekin.
Irakasleek ere oso ondo hartu naute. Matrikula egiteko deitu nuenean ikaragarri animatu ninduten, beraiek nik baino gogo gehiago zutela zirudien.
Eta nolakoa da aitarekin lanean aritzea?
Aitarekin oso gustura nago. Pilo bat ikasten ari naiz . Irakasle ikasketekin alderatuta elektrikari ikasketetan praktika gehiago egiten dira, baina hala ere nahiko teorikoa da. Bi astean urtebetean baino gehiago ikasi dut.
Ez da normalena izaten emakume elektrikari bat ikustea.
Ez, eta horrek anekdota pare bat utzi dizkit. Jendea ez dago ohituta. Emakumeak harritzen dira gehien, edo agian gizonak gehiago isiltzen dira, ez dakit.
Lehengoan etxe batera joan nintzen aitarekin entxufe bat aldatzera, eta emakume batek ea aitari laguntzera nentorren galdetu zidan. Aitarekin lanera nentorrela esan nion, eta barre egin zidan, ohartu zen arte benetan ari nintzela. Orduan, ea beldurrik ez ote nuen galdetu zidan, eta noski, nik ezetz.
Beste batean oroitzen dut Hernani kaleko etxe batean emakume bat etxeko jabea zaintzen ari zela, eta behin eta berriz esaten ziola begiratzeko aitari zeinen ondo laguntzen nion. Hori askotan gertatzen zait, laguntzailetzat hartzen naute eta ez langiletzat.
Eta zuk barrutik nola bizi duzu?
Berehala ohartzen zara horrelako gauzekin. Ez dakit, agian nire paranoia bat izango da baina janzkeragatik ere begirada bat edo beste nabaritu dut.
Kamiseta sinple bat eta aitak erositako langileen galtza batzuk eramaten ditut soinean. Gainera, obran ibiltzen naiz eta zikin zikina egoten naiz. Jendeak gaizki begiratzen dit, edo arraro bai behintzat, janzkera hori niri ez balegokit bezala edo.
Kanpokoen jarrera aipatu duzu, baina nolakoa izan da ingurukoena?
Nik uste ingurukoak ez direla gehiegi harritu. Lagunek adibidez barre egiten didate zikloan hasi naizenetik normalean baino gutxiago prestatzen naizelako, eta egia da. Erreparo pixka bat ematen zidan mutil artera hain prestatua joateak. Agian hori ere txorakeria bat da baina…
Elektrikari edo irakasle izan nahi duzu?
Nire helburua irakasle izatea da. Ikasketak erreta bukatu nituen eta denbora batez txipa aldatu nahi nuen, aukera hau suertatu zitzaidan eta aprobetxatu egin nuen. Beti izan naiz mainatsua horrelako kontuetarako.
Irakasle ikasketetan emakume asko daude, elektrikari ikasketetan gutxi. Jendea animatuko zenuke?
Bai, animatuko nuke. Eguneroko bizitzarako baliagarria da gutxieneko nozioak izatea. Gainera, beti dago ondo lanpara bat aldatzen jakitea, eta etxeko instalazio bat egitea ere nahiko erraza da nola egin baldin badakizu.
Aitarekin lan egingo zenuenik pentsatu zenuen inoiz?
Egia esan, ez, baina oso pozik nago. Oso mainatsua izan nahiz beti, eta ez dit inoiz erreparorik eman gauza berriak egiteak eta ikasteak. Gainera, bera ere oso pozik dago; bukatu eta lanean jarri ninduen segituan, oporrik ere ez dut izan.
Aitarekin jarraitzeko asmoa duzu?
Hurrengo urtean hiru hilabeteko praktikak egin behar ditut, eta ez dakit aitarekin egingo ditudan edo beste enpresaren batekin. Alde batetik, aitak laguntza behar du, baina bestetik agian ondo etorriko zait enpresa eta lan egiteko modu berriak ikastea.
Elektrikari ikasketetan sakontzen jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Oraingoz ez. Zaletasunagatik baino gehiago, aitari laguntzeagatik hasi nintzen. Dena den, badut kuriositatea.
Aurrera begira, irakasle izateko oposizioak prestatu nahiko nituzke, eta beraz, ez dut aurreikusten orain momentuan behintzat elektrikari ikasketetan sakontzen jarraitzerik, baina auskalo!