Hezkuntza kalitatearen eta lanpostuen defentsan protesta egin dute
Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean txistuak eta murrizketen aurkako oihuak egin dituzte.
Joan den astean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak bete egingo duela Mariano Rajoyk 2012an ezarritako neurria, eta irakasleen eskola orduak gehitu eta ordezkapenak atzeratuko dituela. Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen Madrilen erabakiaren aurka, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen.
Elkarretaratzea egin dute Donostian eta EAEko gainerako hiriburuetan. Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean bildu dira “hezkuntza kalitatearen eta lanpostuen defentsan”. ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT eta FETE sindikatuak hartu dute parte protestan.
Txistuak eta murrizketen aurkako oihuak egin dituzte. Bestalde, 3.000 puntu beltz bistaratu dituzte galduko den lanpostu bakoitza irudikatzeko. Besteak beste honako aldarrikapenak irakur zitezkeen pankartetan: “3.000 familia kale gorrian”, “Osasuna primeran, hezkuntza?” eta “Finlandian ez dago murrizketarik”.
Ikasturte berriarekin batera protestak iragarri dituzte irailerako.