Gerrilla lighting laborategikoek eraikina argiztatuko dute. (Argazkia: Kontadores)
Donostia 2016 Fundazioarekin batera eta Theatrola Antzerki Taldearen laguntzarekin, udako itxiera festa antolatu du biharko Bidebietako Kontadores Gazte Zentroak. Bertaratzen direnek kolore askotariko ekitaldiaz gozatzeko aukera izango dute, 21:00etatik 23:30era bitarte. Antzerkia, robotika, musika eta argi gerrilla bezalako jarduerak egongo dira ikusgai.
Horrela, Kontadoresek 2015-2016 ikasturtean zehar sustatutako hainbat egitasmo eta prozesu gertutik ezagutzeko parada eskainiko du jaialdiak. Alde batetik, han bertan egiten dituzten laborategien aurkezpena egingo dute; eta, bestetik, Kontadoresen dauden aretoak erabiltzen dituzten taldeen emanaldiak.
Esate baterako, Greensleeves antzezlanaren estreinaldia eskainiko du Theatrola antzerki taldeak. Lau hilabetez egon dira Bidebietako gunean entseatzen eta bihar erakutsiko dute euren lana. 1587ko ekaineko Donostiara bidaiatuko dute aktoreek, gazte ingeles, eta, ustez, espioi baten istorioa kontatzeko.
Bestalde, robotika probatzeko tartea egongo da. Hala, bertaratutakoek parte hartzeko eta ikasteko aukera izango dute. Horretarako, Hackprend Kai kooperatibako ikasle ekintzaileek gune bat jarriko dute.
Azkenik, 22:30ak aldera, Guerrilla lighting laborategiko partaideek argiarekin esku hartze bat egingo dute, Kontadores eraikinean bertan. Modu horretan, Winter Solstice Call egitasmoaren argazki erakusketari amaiera emango diote. Jarduerak hirietako argiteria ereduaren inguruan hausnarketa bultzatzea du xede.
Ospakizunean jatekoa eta edatekoa egongo da, eta Proud Mary DJ donostiarrak girotuko du jaialdia, jazz, rhythm and blues eta soul erritmoan.
Jarduera guztiak hainbat erakunderen elkarlanari esker antolatu dira: Kontadores Zentroa, Donostia 2016 Fundazioa, Theatrola antzerki talde amateurra, Zaldi Urdina Sormen Espazioa eta Hackprende Kai Koop ekintzaile taldea. Nahi duen orok, jarduera guztietan parte hartzeko aukera izando du, eta denak doakoak izango dira.