"Gure garagardoa Donostian egiteko fabrika bat irekiko dugu laster"
Andoni Galdos, Gross garagardoaren sortzailea.
Proba asko egin ondoren, gustuko garagardoa egitea lortu zuen Andoni Galdosek (Gros, 1981). Hiru urte dira Gross sortu zuenetik, eta artisau garagardoak harrera bikaina izan duela kontatu digu. Uda igaro ondoren, pauso garrantzitsu bat ematera doala aurreratu digu: Gross garagardoa Donostian ekoizteko fabrika bat irekiko du. Bertakoa eta artisaua izango da laster. Eta orain udarako, zer? Bada, garagardo berri eta freskoak! Zipotz jaietako txosnetan dastatu ahal izango dituzue.
Nola sortu zenuen Gross garagardoa?
Duela hiru urte hasi nintzen nire kabuz lanean. Garagardo zalea naiz, eta gustuko garagardoa egitea lortu nuenenean ekin nion proiektu honi. Betiko lagun batek, Imanol Costasek, diseinua egin zuen. Berak Aitor Azurki ezagutzen zuen, eta aurkeztu egin zidan. Komunikazioan egiten du lan. Eta horrela elkartu ginen hirurok.
Nolako harrera izan du garagardoak?
Hasieratik oso harrera ona izan zuen. Gu geu joaten ginen tabernaz taberna, garagardoa eskaintzera, eta ia denek baietz esaten ziguten. Salmenten bolumena igo ahala, banaketa enpresa baten bidez egiten hasi ginen. Motorrarekin edo neskalagunaren autoarekin ibiltzen ginen banatzen, eta horrela ezin ginen ibili! Salmentak hirukoiztu egin dira urtetik urtera.
Proiektua hasi zenuenean, Gross hemen egin ahal izateko fabrika ireki nahi zenuela adierazi zenuen.
Ametsa egia bihurtuko da, gero eta gertuago dago. Orain arte nomadak izan gara. Hasi ginen Valentziako lagun batzuekin. Ondoren, Berriozarren, eta orain Valentziakoekin berriz kolaborazio batzuk egiten ari gara, Berriozarren ez dugulako aukerarik gauza bat egiteko. Oraintxe bertan fabrika irekitzeko lokal bat ikustera joan naiz. Udara konplikatua da fabrikarekin hasteko, lan asko dugulako. Baina lokalak ikusten, aurrekontuak eta zenbakiak egiten hasiko gara. Crowdfunding bat egingo dugu babesa lortzeko. Negurako prest egon nahi dugu, eta ea urtarrilerako hemen ekoizten hasten garen. Kristorena izango zen fabrika Grosen jartzea, baina ez dago aukerarik. Udalak ere ez ditu erraztasunak ematen horrelako proiektuak aurrera eramateko. Oraingoz Igaran begiratzen ari gara.
Zein aldaketa ekarriko du garagardoa hemen ekoizteak?
Produktuaren kontrol handiagoa izango dugu. Ekoizpen prozesu osoa gertutik jarraitu dezakegu, eta askatasun handiagoa izango dugu guk nahi dugun erara antolatzeko, eta guk nahi ditugun gauzak egiteko. Askotan beste fabrikek duten tokiaren arabera ekoiztu behar izan dugu, eta horrek asko moteldu du gure hazkundea. Ez dugu aukerarik izan behar genituen litro guztiak ekoizteko. Gainera fabrika lortzen dugunean, aukera izango dugu Donostiako jendea bertara joateko. Zipotz jaietakoekin zerbait egiteko elkarlanean. Jendeak garagardoa dastatzeko aukera izateko, edo ikastaroak egiteko.
‘Gross ez da inoiz garagardo kapitalista izango’, esan zenuen elkarrizketa batean.
Bai, garagardo komertzialen eta artisau garagardoen arteko desberdintasuna azpimarratu nahi genuen, zein alde dagoen ikusteko. Garagardo industrialak negozio bat dira, dirua egiteko egiten dira. Hau ere dirua egiteko egiten da, baina beste modu batean. Produktua ahalik eta onena izatea da gure helburua; eta ez ahalik eta merkeena egitea. Guk ez dugu publizitatean inbertitzen, lehengaietan inbertitzen dugu, ahalik eta garagardorik onena egiteko.
Artisau garagardoen gorakadaz hitz egiten da.
Guretzako ona da. Gross garagardoarekin hasi ginenean Donostian ez zegoen artisau garagardorik, ezta merkatuan zeuden garagardo berezi horiek dastatzeko tabernarik ere. Guk apustu bat egin genuen, eta bide onetik goazela uste dugu. Espainian artisau garagardoen merkatua ez da %0’3ra iristen. Oso gutxi da. Uste duguna da denon artean merkatua osatu behar dugula. Orain ebanjelioa predikatzea egokitu zaigu. Eta horretan gaude, artisau garagardoa nolakoa den azaldu behar dugu, jendea harrituta geratzen baita lehen tragoa hartzen duenean. Oraindik kultura hori falta da. Denon artean egin beharreko lana da. Ez dut uste lehian hasi behar garenik, denontzako tokia dago. AEBetan %10era iristen da merkatua. Auzo bakoitzean garagardotegi bat dago gutxienez. Bertako jendeak bertan kontsumitzen du. Hemen konplexu txiki bat daukagu. Kanpokoak bertakoak baino hobeto egiten duela uste dugu. Eta horri buelta eman behar zaio. Bueno, eta horretarako produktu ona egin behar dugu, jakina.
Zergatik artisau garagardoa?
Jendea animatuko nuke Gross eta bestelako artisau garagardoak probatzera. Ausartu daitezela. Dexente garestiagoa da, baina apustu bat egin behar duzu. Denetik probatu behar da. Guk pila bat atera ditugu. Hamabi bat izan ditugu merkatuan. Udan ere garagardo berriak egingo ditugu. Eibarko Ez Dok taberna rockeroarentzako garagardo bat egin dugu; beste bat Parte Zaharreko Akerbeltz tabernarentzat; laranja duen garagardo bat ere egin dugu. Hiruzpalau berri egingo ditugu. Udan freskoagoak egiten ditugu, eta neguan gradu gehiagorekin, ilunagoak.
Aje gutxiago ematen al du artisau garagardoak?
Nik berez oso aje txarra eta erraza daukat. Baina hori esaten dute. Garagardo industrialek artoa eta arroza erabiltzen dute produktuaren prezioa merketzeko, eta fermentazio horrek beste alkohol bat ematen du. Aje txarragoa eta handiagoa ematen omen du. Produktu gisa askoz hobea da garagardo artisaua.
Lehen egiten ziren garagardoak hobeak al ziren?
Hemen ez dugu inoiz garagardo kultura handirik izan. Baina, lehen, herri guztietan garagardotegi txikiak zeuden, eta bakoitzak bere produktua egiten zuen. Industrializazioaren ondoren, multinazionalak sartu ziren, eta marka guztiak erosten hasi ziren. Beste batzuk desagertu egin ziren handien aurkako lehia horretan. Beste herri batzuetan ez da horrenbesterako izan, eta mantendu dira. Ingalaterran, adibidez, kultura handia dago. AEBetan ere bai. AEBetako lehen presidenteak garagardogileak ziren. Etxean zerbeza egiteko kultura oso errotuta zegoen, eta trazidio hori berreskuratzen hasi ziren.
Auzoko garagardo gisa deskribatzen duzue Gross. Madrilen ere izan zineten auzoko garagardoen inguruko jardunaldi batean.
Gu Grosekoak gara, beti Grosen ibiltzen gara. Bertakoaz harro gaude, eta ideia hori helarazi nahi genuen. Izena ere auzoarena du. Bueno bi ‘s’ jarri genituen, iruditzen zitzaigulako motza geratzen zela. Ingelesez nazkagarria edo gehiegizkoa esan nahi du, eta asko gustatu zitzaigun.