Javier Arozena margolari donostiarra hil da 81 urterekin. Ur taldearen sortzailea izan zen, eta erreferentzia garrantzitsua izan bazen ere, Gaur taldearen itzaletan geratu zela uste dute askok.

Alejandro Tapia, Carlos Bizkarrondo eta Javier Arozena, Ekain galerian, 2010. urtena. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Ia oharkabean joan da
Javier Arozena margolaria (Donostia, 1935-Donostia, 2016). Gipuzkoan eta Donostiako arte munduan izen ezaguna zen, baina
Edorta Kortadi arte historialariaren ustez, «inolako aitortzarik gabe joan da».
Zorte txarra izan zuela adierazi du. 1965. urtean Ur kolektiboa sortu zuen
Carlos Bizkarrondo, Jose Grazenea eta Alejandro Tapiarekin batera, San Telmo Museoan egin zuten lehen erakusketa kolektiboaren harira. Gerraosteko artista gipuzkoarren lehen kolektiboa izan zen. Asko ziren euskal artea berritu nahi zuten sortzaileak, eta haiek eman zuten lehen pausoa. Handik urtebetera, ordea, Gaur taldea jaio zen, eta haiek bihurtu dira euskal artearen berpizkundearen ikur nagusia, eta ia erreferentzia bakarra.
Horregatik uste du Kortadik beste artisten itzaletan bizi izan zirela Arozena eta bere kideak: «XX. mendea Oteiza, Basterretxea eta Txillidarena da, beste guztiak gutxietsi egin dituzte, bigarren maila batean utzi dituzte». Artearen historia pintore askoren lanarekin idazten dela defendatu du Kortadik, eta Ur taldeak egindako lana azpimarratu du:?«Euskal Herriko koloreak eta poetika izugarri ondo islatu zituztela uste dut».
Garai hartan jendea ustekabean harrapatu zutela uste du
Alejandro Tapia margolariak: «Jendeak ez zuen horrelakorik espero. Momentu horretan ez zegoen mugimendurik artearen eszenan. Gu izan ginen lehenak».
21 urteko ibilbidea elkarrekin egin zuten Ur taldeko kideek:?«Askotan elkarrekin joaten ginen denok Nafarroa aldera, naturan murgiltzera. Bizkarrondok autoa zuen, eta berak eramaten gintuen. Asko ibiltzen ginen hara eta hona». Ondoren ere momentu asko elkarrekin pasa zituztela esan du. «Sentsibilitate eta gizatasun handikoa, pertsona ezinhobea». Horrela deskribatu du Arozena Alejandro Tapiak: «Hilabete da pattal zebilela, medikutan hasi zen eta azkenean…». Lasarten zuen estudioan pintatzen duela kontatu du Tapiak: «Pintura ausarta egiten zuen. Material asko probatzen zituen, eta oso marrazkilari ona zen. Akuarela gustuko zuen, baina olioa gehiago erabiltzen zuen. Azken urteetan paisaia asko egiten zituen arren, irudi figuratiboak egiteko garaia ere izan zuen hasieran. Oso koadro sakonak eta indartsuak egin zituen».
2010ean berriz elkartu ziren Ur taldeko kideak Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak galerian. Hura izan zen Ur taldearen azken erakusketa. Arozenak urtebete lehenago erakutsi zituen bere lanak bakarka, Juan Kruz Unzurrunzaga galeriako arduradun zenean.
Egungo arduradun
Rita Unzurrunzagak esan du geroztik Arozenari askotan esan izan diola bere artelanekin erakusketa bat egiteko: «Ia egunero egiten nuen berarekin topo kalean, eta beti eskaintzen nion aukera hori. ‘Aurrerago, oraindik ez’, esaten zidan».
«Oso isila, apala eta buru argikoa zen. Euskal Herrian sustraitutako irudi figuratiboak margotzea aukeratu zuen paisaia artistikoa aldatzeko, eta bide berari eutsi zion bukaera arte», esan du Kortadik. Paisaiagile gisa ezagunagoa izan arren, irudi figuratiboan egin zuen lana bere ekarpenik handiena dela uste du: «80ko hamarkadan margotu zituen friso batzuk ditut gustukoen. Oso interesgarriak dira. Inkomunikazioa islatzen du. Jende multzoak irudikatu zituen, oso desitxuratuak. Baserritarrak, marinelak, industriako langileak eta hiritarrak. Berak zuen ikuspegi soziala islatzen da friso horietan».
Urteak joan ahala, grisetatik kolore alaiagoetara pasa zirela azaldu du Kortadik. Rafa Balerdi eta beste margolari abstraktuen eragina izan zutelako.
Arozenaren berezitasun bat azpimarratu du Kortadik: «Tapia eta Grazeneak kutsu poetikoa dute. Hondarribin eta Usurbilen bizi dira, eta nabaritzen da. Arozena hiriko semea zen, eta eragina izan du bere artean, urbanoagoa da». Ur taldeko kideak artista bikainak direla nabarmendu du, eta kolektiboak erakusketa bat merezi duela plazaratu du.