"Guk egiten dugun Añorgak gu ere egingo gaituelako"
Zementonen jaitsierarekin piztu dituzte karmenak; aurten, emakume batek irakurri du pregoia.
Añorga karmenetan murgilduta dago jada. Izan ere, goizean goizetik Kuadrillen eguna ospatzen ari dira. Krosa, paella, bazkaria, argazki erraldoia… denetarik izan dute; gainera, eguraldi bikainarekin. Arratsaldean, kuadrillen arteko jolasak izan dira nagusi; eta, nola ez, Zementonen jaitsiera. Aurten, ordea, Zementonen lekukoa emakume batek hartu du, Añorgakoak jai parekideak defendatzen dituztela erakusteko.
Hala, Zementonen pregoian –azpian testu osoa–, Añorgaren izaera berezia deskribatzeaz gain, bertakoak omendu nahi izan dituzte eta aldarrikapenerako lekua ere egon da; Belartza 2, kasu. Belartzaren harira, Añorgan zehar argazki ugari jarri dituzte, proiektua gelditzeko eskatuz. Pregoiaren ostean, hurbildu diren guztiak dantzan jarri ditu Eonian elektrotxarangak.
Jaiei hasiera emanda, hurrengo igandera arte –uztailak 17– egitarau zabala prestatu dute.
Añorgako karmenetako pregoia:
Obretan gaude, eraikitzen ari gara. Nazional bataren itzala askoz ere estuagoa da orain. Bota zituzten fabrika zaharreko pareko etxeak, mugitu dituzte lurrak Belartzan (eta lehenago baita Añorga Txikin ere). Hala ere, hemen gaude gu. Guk eraiki genuen plaza honetan, guk eraiki genuen egun honetan, guk eraiki dugun giro honetan. Aldatzen eta aldatzen den Añorga honetan, beti dagoelako zerbait irauten duena.
Añorga ez delako errepide bat, fabrika zahar bat edo futbol zelai bat bakarrik. Añorga, arratsaldero, jolas etxeko atarian eserita zaudetenok zarete, kultur eta kirol elkartea egiten duzuenok, astero bertso eskolan edo entrenamenduetan elkartzen zaretenok, ikastolara haurren bila joaten zaretenok zarete Añorga. Hanka zeruraino altxatzen duzuen dantzariak, igandero mezetara joaten zaretenok, eta larunbatero pekatu egiten duzuenok. Denok zarete Añorga!
Obretan gaude, baina sekula ez diogu utzi eraikitzeari. Inor ezer oparitu gabe, gure eskuekin eraikitzen dugu Añorga egunero. Errepidetik ikusten gaituztenok imajinatu ezin duten adina bizitasuna eman diogu bizi dugun eta bizi gaituen lur zati honi.
Aurten, urteurrena bete du Amassorrain ikastolak. Ikastola egin zuten, eta ikastolak egin gintuen gu. etxeak, mugitu belartzan, hala ere hemen gaude gu. Eta, ikastola bezala, egunero egiten dugunak egiten gaitu gu ere. Euskaraz bizi nahi ditugu festak, jai parekideak nahi ditugu, falta direnekin gogoratu nahi dugu festetan laster etor daitezen. Eta, batez ere, elkarrekin gozatu nahi ditugu festak. Elkarrekin ari garelako amets handi hau eraikitzen. Guk egiten dugun Añorgak egingo gaituelako gu ere. Gora Añorga! Gora karmenak! Gora jai parekideak!