Udalak eta Txillida eta Peña Gantxegi sendiek akordioa lortu dute azkeneko 75 metroetan lanak egiteko.
Haizearen Orraziko lanak. (Argazkia: Donostiako Udala)
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, abuztuaren 2an irekiko dute berriro Haizearen Orrazia, “eta donostiarrek zein bisitariek Eduardo Txillidaren eskultura gertutik ikusi ahal izango dute”. Halere, ezin izango dute flysch-aren paretaraino gerturatu,
hiru metro aurretik behin behineko hesia jarriko baitute. Hortaz, ezin izango da pareta ukitu, baina hesiaren
materialak eskultura ikusteko aukera emango du.
Bestalde, Haizearen Orraziaren flysch-aren
azkeneko 75 metroetan lanak egiteko akordioa lortu dute udalak eta Txillida eta Peña Gantxegi familiek. Elkarrekin bilerak izan ostean, aurrealdea berritzeko
teknika berritzaile bat erabiltzea adostu dute, fatxadan bertan eragingo duena. “Orain arte ez da halakorik egin, baina ez du obra arkitektonikoarengan eraginik izango”, adierazi du Goiak. Obra berri horrek denbora eskatuko du, eta
irailean hastea aurreikusten dute: “Haizearen Orrazia bisitatzen dutenen segurtasuna bermatzea da garrantzitsuena”. Horregatik, behin aipatutako teknika erabilita eta bere eraginkortasuna frogatuta, behin behineko hesia kenduko litzateke.
Udal gobernuak Haizearen Orrazia ixteko erabakia hartu zuen iazko uztaulean, “ardura, erantzukizuna eta zuhurtasunagatik”. Lanak esleitu zizkioten TEINSAri 2016ko apirilean, eta
692.617,32 euroko aurrekontua eskaini diote. Lan hori udala eta Txillida eta Peña Gantxegi familien arteko hitzarmenaren zain zegoen, azken metroei irtenbidea emateko plazari eragin gabe.