Bertsolari ezaguna hil eta 80 urtera, antzezlan bat eskainiko du Urnietako aktore amateur talde batek.
Antzezlaneko aktoreak eta arduradunak, gaurko aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gabon, Txirrita izenburupean, Gipuzkoako Jose Manuel Lujanbio
Txirrita bertsolari ezaguna epaituko dute, irailean. Hain zuzen ere, Xabier Letek 1982an idatzitako obra taularatuko du Urnietako aktore amateur talde batek. Bertsolariari eginiko epaiketa bat irudikatzen du antzezlanak, umorezko tonuan. Bertsolariak bere garaian kantatu zuen moduan:
“Nere aipamenak izango dira/beste laurogei urtian“. Donostia 2016ren Bakearen itsasargiaren baitan abitatu zuten proiektua duela hilabete batzuk; eta Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktore ezagunak ari dira zuzendaritza lanetan.
Momentuz, bi emanaldi aurreikusi dituzte: irailaren 10ean, 21:00etan, Donostiako Trinitate plazan (euria eginez gero, leku aldaketaren berri emango dute); eta irailaren 23an, 22:00etan, Urnietako kiroldegian. Emanaldiek ordu eta 15 minutu inguruko iraupena izango dute, hiru zatitan banatuak. Hala ere, Gojenolak aurreratu du bi orduren bueltan ibiliko dela guztira, tartean bertsoak eta dantzariak sartu nahi baitituzte.
Zehazki, hogeita hamar aktorek osatutako talde batek antzeztuko du obra. Parte-hartzaile gehienek badute aurretiko esperientziaren bat, Urnietak tradizio handia baitu antzerkiaren arloan. Urnietan antzeztu zuten, hain zuzen, Leteren obra duela 34 urte. Oraingo obrak jatorrizko testuari ahalik eta fidelen jarraituko dio, baina emakumezkoek presentzia handituko dute, baita hobetu atrezzoa, estetika, eta musika, besteak beste. Gojenolaren hitzetan, hiru helburu garbi dituzte: “Txirrita gogoraraztea, Leteren lana plazaratzea eta ongi pasatzea”
Sarrerek 5 euroko prezioa izango dute. Donostiako emanaldirako sarrerak toki hauetan egongo dira salgai, ostegunetik aurrera: Donostia 2016ren Alderdi Ederreko informazio-puntua, Donostia 2016ren webgunea eta Kutxabank. Urnietako emanaldirako sarrerak, berriz, Sarobe Arte Eszeniko Gunean jarriko dituzte salgai, uztailaren 18tik aurrera, eta
sarobe@urnieta.eus posta elektronikora idatzita ere erreserba egin daiteke.
Obra berri bat, Bernardo Atxagaren eskutik
Xabier Leteren obratik abiatuta, Bernardo Atxagak beste obra bat idatzi duela azaldu dute. Obra hori konpainia profesional batek antzeztuko du, abenduan. Dirudienez, bertan, Lete bera, Lurdes Iriondo eta Txirrita pertsonaiak agertuko dira, edo euren presentzia iradokiko dute.