600 sinadura batu dituzte Altzan DBUS-eko 13. autobus lineako murrizketen aurka
Altza XXI Herri Ekimenak 600 sinadura bildu ditu Dbusek 13. autobus linean egin nahi dituen murrizketak salatzeko asmoz.
Autobus linea horrek Altza eta Donostiako zentroa batzen ditu. Gaur egun, ordu jendetsuenetan hamabi joan etorri egiten dira eta orain zortzira gutxitu nahi dutela salatu dute.
Herri ekimeneko kideek azaldu dutenez “topoaren geltokiaren irekiera” da zerbitzuak murriztearen arrazoia, eta gaineratu dute erabaki horren oinarrian dauden datuak ez direla “fidagarriak”.
Idatziarekin batera 600 sinadura ere lortu dituzte zortzi egunetan: “Jendea haserre dago eta hori segituan nabaritu da sinadura bilketan”, azaldu du Altza XXI Herri Ekimeneko kide batek.
Bestalde, azaldu dute Donostiara joateko ez ezik, auzo barruan mugitzeko zerbitzuen falta ere nabari dela: “25.000 lagun bizi gara Altzan eta beharrezkoa da barne garraio publiko bat ere izatea”.
Egitasmoarekin jarraitzeko asmo irmoa azaldu dute.