Gero eta musika-emanaldi gehiago antolatzen dira auzoko kale eta plazetan Adibide argia: Jazzaldian, egiten zirenaz gain (Trini, San Telmo...) aurten Konstituzio Plazan ere egingo dira Kontzertu horiek maiz soinu-maila handia (gehiegizkoa eta arauz kanpokoa, gehienetan) eragiten dute auzotarren etxeetan. Kalte horiek ekidite aldera neurri eraginkorrak --ofizioz- har ditzan eskatu diogu Udal Gobernuari. Erregistroz aurkeztutako idazkia jarraian duzue:
=== Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearenIDAZKIA UDALARI ESKATZEKO OFIZIOZKO NEURRI ERAGINKORRAK HAR DITZAN JAZZALDIAN ETA BESTELAKO KONTZERTU ETA MUSIKA-EMANALDIETAN GEHIEGIZKO SOINU-MAILA EKIDITEKO
Izan ere...
·Auzoko plazetan (Trinitate Plaza, Konstituzio Plaza...) gero eta musika-emanaldi gehiago antolatzen dira.
Musika-emanaldi horiek, maiz, berandu arte luzatzen dira, eta, askotan, inguruko etxeetan soinu-maila oso altua (Legez onartutakoaren gainetik, gehien-gehienetan) eragiten dute ([1]).
Udaltzaingora deitzeak ez du arazoa konpontzen. Deitu dugunetan honelako erantzunak jaso izan ditugu: “Ezin dugu neurririk hartu: emanaldiak udalaren baimena du”; “Zure etxera joan gaitezke, eta soinu-maila etxe-barnean neurtu; baina, hala ere, ezin diegu bolumena jaisteko eskatu; baimena baitute”...
Datozen asteotan Jazzaldiaren kontzertuak izango ditugu Trinitate Plazan, baita Konstituzio Plazan ere (ordu luzeetan gainera:19:00etatik 24:00etara, iragarri digutenez).
Sonoritateari dagokionez, Parte Zaharreko kale eta plazek problematika larria dute berariazko ezaugarriak dituztenez. Hala frogatu zen 2014-15ean egindako ikerlanean: udan egindako neurketa-saio guztietan eta gainerako urte-sasoietan egindako gehien-gehienetan legez onartutako soinu-maila gainditzen zen. Eta arazo horren konponbidea ez da erraza: auzoko ezaugarri arkitektonikoak direla medio (kale estuak, harrizko horma duten eraikinak...), soinu-emisio moderatuek ere eragin handia dute etxebizitzetan, eta erraz gainditzen dute legez onartutako maila.
Horrenbestez, zera eskatzen dugu:
Bete dadila, behingoz ([2]), udalak behin eta berriz egin digun promesa: auzoko plazetan kontzertu eta musika-emanaldi gutxiago egingo direla (gaur-gaurkoz bertan egiten diren batzuk hiriko beste plaza batzuetara eramanda).
Parte Zaharreko plaza eta kaleetan kontzertuak eta antzekoak egiteko baimena ematen denean, ez dadila baimenik eman anplifikadoreak erabiltzeko, argi zehaztuta gelditu dadila beti (baimenean) zein den gainditu ezin den soinu-maila gehienekoa, eta zer ondorio ekar ditzakeen arau hori hausteak. Eta salbuespeneko kasuren batean, anplifikadoreak erabiltzea ezinbestekoa balitz, ofiziozko neurri eraginkorrak har daitezela legez onartutako soinu-maila gainditu ez dadin etxebizitzetan. Besteak beste, neurri hauek:
oUdalak emandako baimenean argi islatu dadila zein den anplifikatze-sistemak emiti dezakeen gehieneko bolumen-maila. Eta ez dadin inoiz baimenik eman, soinu-muga zein den zehaztu gabe.
oEtxebizitzetan eragiten den soinu-maila zenbatekoa den jakiteko, jar dadila neurketa-sistemaren bat eraikuntza publikoetan (San Telmo Museoaren atzealdean, Trinitate Plazara ematen duen aldean; Udaletxe eta Liburutegi Zaharrean Konstituzio Plazara ematen duen aretoren batean). Eta neurketa-sistema horrek abisua eman dezala etxebizitzetan onartuta dagoen gehieneko soinu-maila gainditzen denean.
oSoinu-maila gainditzen den kasuetan, udaltzainak joan daitezela berehala anplifikatze-sistema kontrolatzeko mahaira eta bolumena jaitsi dezatela agindu.
oArau-haustea emanaldi berean hainbat alditan errepikatuz gero, baimenean ezarritako neurriak har daitezela eta emanaldia bertan behera utzi.
Neurri hauek abian jar daitezela jada, aurtengo Jazzaldiko ekitaldietatik hasita.
Noizbait, arau hori apurtzeko beharrik egongo balitz, izan dadila horretarako arrazoi sendo-sendoak daudelako eta auzoarekin lotura argia duten ekitaldi klasikoetan (San Sebastian Festa, Auzoko Jaiak, Euskal Jaiak...).
Donostian 2016-07-08
[1]Adibidez, 70 db gora, kristal bikoitzeko leiho guztiak itxita egin dugun azken neurketan
[2]“Behingoz” diogu promesa hori askotan egin zaigulako. Eta hala ere gero eta soinu-emanaldi gehiago antolatzen dira Parte Zaharreko plazetan.