Irla desertu batean galduta egon behar izan duzu Kortxoenea gaztetxearen aldeko mobilizazioen irudi bihurtu zen argazki hau ezagutzen ez baduzu. Eta bere egilea ezagutzen duzu? Batix Ezeiza argazkilari donostiarrak egin zuen iazko irailean. Orain IRUTXULOKO HITZAn ere bere lana eta argazkilari begirada hobeto ezagutzeko aukera izango duzue, bi astean behin gure iritzi atalean parte hartuko baitu. ‘Ama begira zazu’ izenburupean, argazki kamerarekin harrapatzen dituen irudiak ekarriko dizkigu. Ostiralean estreinatuko du atal berria. Ongi etorri Batix!

Batix Ezeiza joan den EHZ jaialdian. (Argazkia: Amaia Oca)
– Zer ekarriko duzu ‘Ama begira zazu’ atalera?
Irudi bitxi, polit edo interesgarriak ekartzen saiatuko naiz, baina nahiko eklektikoa izango dela iruditzen zait, ez baitut gai edo lerro zehatzik jarraituko. Denetik apur bat.
– Nola hasi zinen argazkigintzan? Noiz hasi zinen lehen argazkiak egiten?
Ba ez nuke jakingo zehazten, egia esan, txikitatik izan ditut kamerak esku artean. Zenbait osaba, gainera, zaletuak izan dira eta ekipo oso onak zituzten, uzten zizkidatenak. Ikastola garaian ikastarotxo bat egin genuela oroitzen det, eta aspektu teknikoa hobeto ezagutzeko lagundu zidan. Analogikoan noski, oraindik digitala zientzia fikzioa zen (komentario honekin ilea urdindu zait momentu batean). Eta handik aurrera, nere kabuz serioago hasi nintzen saltseatzen, gaur egunera arte.
– Argazkiak egiten dituzunean non jarri ohi duzu fokua? Zer interesatzen zaizu gehien?
Denetik egiten dudan arren, erretratu zalea naiz. Inguruko jendea harrapatzea gustatzen zait, euren ohiko keinu eta jarrerak, egoera bitxiak, espresio interesgarriak. Normalean erakargarriagoa egiten zait pertsonaren bat (edo batzuk) azaltzen den argazki bat, ezaguna edo ezezaguna izan.
– Beti eramaten duzu kamera soinean?
Beti ez, baina bai askotan. Lagunekin edozein plan egiten degula, edonora noala, edozer gertakari degula inguruan… kamera hartu ohi det, “bada ezpada ere”. Gertatu izan zait argazki polit bat ikustea nere aurrean eta kamera eskura ez edukitzea. Eta ez zait batere gustatzen egin ez dudan argazki hori egin ez izana. Beraz, edozein planetarako, kamera. Bada ezpada ere. Ingurukoak ohitu dira gainera, eta dagoeneko ez dira urduritzen kamerarekin euren inguruan bueltaka ikusten nautenean…
– Telefono mugikorrarekin ere argazkiak egiten dituzu egunerokoan?
Oso gutxi. Besterik ez badut, eta ezinbestean argazkia ateratzeko moduko egoera ematen bada, bai. Baina ez zait batere gustatzen, nahiago det kamera erabili.

Batix Ezeizak joan den EHZ jaialdian egin zuen irudietako bat. (Argazkia: Batix Ezeiza)
– Edozen kontzertutan, edozein gertakaritan ia denok ateratzen dugu sakelakoa, eta argazkiak egiten hasten gara. Argazkilari gisa, nola bizi duzu joera edo fenomeno hau?
Nik kontzertuetara kamera eramateko ohitura haundia det, izugarri gustatzen zait kontzertuetako argazkilaritza. Baina egia da, inguruan horrenbeste jende ikusten dudanean mugikorrarekin argazki eta bideoak egiten, pena apur bat ere ematen didala. Izan ere, oso zaila da argazki guzti horietatik batenbat txukun atera izana: egoeragatik, argiagatik, mugikorren kameren kalitateagatik… Ez det dudatan jarri nahi inoren abilezia, baina egoera zaila da mugikorrekin argazkiak ateratzeko. Eta zuzenean taldea ikusten gozatu beharrean, pantaila txiki bati begira ari den horrenbeste jende ikustea… ez dakit. Baina esandakoa, aldi berean nik kontzertu erdia ematen det nere kamerako bisoretik begira, paradoxikoa da…!
– Argazki kamera kuttunen bat?
Ufa! Asko. 25 argazki kamera ditut etxean, gehienak analogikoak. Eta batez ere reflex digitala erabiltzen dudan arren, noizbehinka karrete bat atera eta errebelatzea gustatzen zait. Ditudanen artean, nere osaba batena zen Nikon F2 bati kariño handia diot, asko erabili baitut. Eta baita formatu ertaineko Lubitel 166B zahar bat ere, Errusia sobietarrean egindakoa. Bi hauek asko maite ditut, asko erabili ditut.
-Erreferenterik ba al duzu argazkigintzan?
Bada, zentzu honetan ez naiz oso mitomanoa, egia esan. Ezagutzen ditut izen historiko ugari eta baditut etxean hainbat liburu, denok ezagutzen ditugun argazkilarienak. Baina egia da gure inguruan mugitzen direnek pizten didatela gehiago arreta: Gari Garaialde, Jon Urbe, Dani Blanco, Ander Gillenea eta ingurukoek egiten duten lana fotokazetaritzan eta kaleko argazkilaritzan; Jon Iraundegi, Alain Cazenave, Maköki, Amaia Oca eta abarrek ateratzen dituzten kontzertuetako argazkiak; eta Nagore Legarretak egiten duen magia estenopeikarekin, kamera ere berak eginda. Agian batzuk ezagunak (edo lagunak) ditudalako, beste batzuekin askotan kointziditzen dudalako, baina hauek dira jarraitzen ditudanak…
– Bote–prontoan, argazkiak egiteko Donostiako lekurik gustukoenak?
Zurriola aldera jotzen det asko, gertutasuna eta ohituragatik akaso. Gainontzekoan, kontzertu, gertaera edo bitxikeriaren bat dagoen edozein txoko. Hala ere, duela gutxi konturatu nintzen Kontxako badiaren argazkirik ia ez dudala… Atzerrira joan den lagun batek Donostiako argazkiak eskatu zizkidan, bertakoei gure hiria erakusteko. Eta Donostiaren ikuspegi orokorra edo ohiko estanpa erakusten duen argazkirik ez dudala konturatu nintzen. Agian ikusiegia degun irudia da, argazki tipikoegia, eta nik ez det sekula egin…
– Ia beti kamera soinean daramazula esan duzu, beraz bat-batean aurkitzen dituzun une horiek ere irudikatzen dituzu. Baina izango dira egoera edo ekitaldi batzuk gogoko dituzunak irudikatzea. Kontzertuak, musika jaialdiak… Ekitaldi kuttunen bat?
Kontzertuetan argazkiak ateratzea asko gustatzen zait, batzutan are gehiago gozatzen det kontzertuaz era horretan. Bestela, edozein txango, eskapada edo egunpasatan argazkiak egitea gustatzen zait, batez ere ingurukoei: lagunei, familiari, gertukoei… Posatu gabekoak, euren keinu, espresio eta ohiturak jasotzeko.
– Eta ba al da arrazoiren batengatik argazkirik egiteko aukerarik izan ez duzun egoeraren bat? (hau da, nahi bai, baina ezin)
Zenbait kontzertutan, antolatzaileek edo taldeak berak mugak jarri ohi dituzte: soilik lehen abestietan egiteko argazkiak, argazkirik ez egiteko, eszenatokitik gertu ez jartzeko, etab. Zenbait manifestazio edo gertakaritan, poliziak mugatzen zaitu: leku jakin batzutatik botatzen zaitu, argazkirik ez egiteko esan, aurrean traban jarri, kamera kentzearekin mehatxatu… Eta orain, Mozal legearekin, are gehiago, nahiz eta nik ez dudan ia arazorik izan (momentuz). Adin txikikoekin ere kontu handiz aritu behar da, nahiz eta arazoa argazki horiek argitaratzearekin etor daitekeen, egitearekin baino. Baina bestela, beti saiatzen naiz etxetik bateriak beteta eta memoria txartelak hutsik ateratzen, arrazoi teknikoak oztopo izan ez daitezen argazkiak egiteko!
– Eta zu, argazkietan ateratzea saihesten duen horietakoa zara?
Aukeran, nahiago det kameraren atzekaldea. Baina ez det korrika alde egiten kamera bat ikusten dudanean, ez dit gehiegi axola…