Loiolako topoaren lanak bisitatu ditu lehendakariak.

Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde politikako sailburua, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eneko Goia alkatea, topoaren obretan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Abiadura bizian doaz azken hilabeteetan Loiolako Euskotreneko geltokiaren obrak. Hainbat urtez luzatu dira lanak, Loiolakoei trabak eraginez, baina aldarrikapenek azkenean argia ikusi dute. Auzoan egiten ari diren lanak bisitatzera joan da Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur goizean, Ana Oregi sailburuarekin eta Eneko Goia alkatearekin batera. Bisitaldiaren ostean, adierazpenak egin ditu Urkulluk, auzoko kultur etxean. Lehentasuna azpimarratu du, eta Loiolako geltoki berria lehen mailako proiektua dela: “2014ko urrian, behin aurrekontua izango genuela jakinda, obren hasiera iragarri genuen; eta duela urtebete, behin behineko geltokia zabaldu zuten, obrak bukatu bitartean tren zerbitzuak jarrai zezan. Obrak datorren urtean bukatzea aurreikusten dugu, era horretan, auzoa 100 urtez banatu duen oztopoa kenduko dugu”.
Proiektua bukatuta, Loiolakoen bizi kalitatea hobetuko dela ziurtatu du lehendakariak: “Hiru helburu lortu nahi ditugu: tren zerbitzua eta auzoaren loturak hobetzea, irisgarritasuna hobetzea, eta 10.000 metro koadro irabaztea auzoan, erabilera publikorako”. Horrela, haur jolasetarako, bidegorrirako, atseden guneetarako eta berdeguneetarako lekua irabaziko duela Loiolak ziurtatu du. 22.000 euro inbertituko dituela Jaurlaritzak esan du Urkulluk, 330 metroan jarduteko.
Latsarien omenez

Latsariak eta Atari Eder baserria gogora ekarri nahi dituzte bizilagunek. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Loiolako bizilagunek parte hartu dute obren diseinuan. Hala, pozik agertu dira auzo elkarteko kideak, obrak aurrera doazela ikusita. Auzokoek beraiek proposatuta, gainera, seguraski Latsariak eta Atari Eder baserria omenduko dituzte, topoaren zubiaren azpian jarriko duten mural baten bidez. Maketa osatu dute jada.