Ontzi Museoak 'Itsasoko jendea' izeneko sail berri bat inauguratu du bere webgunean.

Urdaneta eta Lopez Legazpiren omenez, Agustin Querolek Manilan eraikitako monumentua. (Argazkia: Jose Maria Unsain)
Donostiako Ontzi Museoak
Itsasoko jendea izeneko sail berri bat inauguratu du bere webgunean, 25 urteotan museoak berak bultzatutako ikerkuntza eta zabalkuntza lanetan oinarrituta.
Juan Pardo San Gilek eta Jose Maria Unsainek egindako lanaren ondorioa biltzen da sail horretan. Alde batetik,
bi hiztegi biografiko; eta, bestetik, tokiko edo nazioarteko itsas historiaren inguruan bizi edo lan egin duten Euskal Herriko gizon eta emakumeen
30 ikerlan monografiko.
Lan horiek Ontzi Museoak publikatutako hainbat argitalpenetan barreiatuta zeuden, eta bere kontsulta erraztea izan da helburu nagusia. Pertsonaia horien biografiak era batera edo bestera jorratu dituzten museoek egindako erreferentziak ere azaltzen dira, material grafiko edo ikus-entzunezkoen bidez.
Itsasgizon, nabigatzaile, kortsario eta piraten informazioa bildu dute
Hala,
Itsasoko Jendea sailak
euskal itsasgizon eta nabigatzaile ospetsuenen biografien inguruko informazio zabala eta ikuspegi berriak eskaintzen ditu. Esaterako, Manuel Gracia Rivasek Blas de Lezori edo Oquendo familiari buruz egindako artikuluak. Zentzu horretan, nabarmendu behar dira ere Susana Truchueloren Andres de Urdanetari buruzko lana, eta baita Maria Dolores Gonzalez-Ripollen Cosme Damian Txurrukaren inguruko lana.
Hain ezagunak ez diren pertsonaiak ezagutzeko ere aukera dago. Izan ere, horien lan monografikoak eskaintzen dituzte atal berrian: Domingo Bonetxea, Pazifikoko hainbat uhartetako aurkitzailea, eta Manuel de Agote, Filipinetako Konpainiaren ordezkaria Txinan, besteak beste. Gainera,
kortsario eta piraten biografiak ere daude irakurgai: adibidez, Pedro de Larraondo, Erdi Aroko Mediterranioan turkiarren, katalanen eta veneziarren kontra borroka aritutako pirata eta kortsarioa; edo Vicente de Icuzarena, Caracasko Konpainia Gipuzkoarraren zerbitzura Karibean jardun zuen kortsarioa.
Sail berri horren argitalpena Ontzi Museoaren 25. urteurrenaren jarduera programaren barruan kokatzen da,
euskal itsas historia zabaltzen lagungarri izateko asmoarekin.