Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du auzoko Osteguna elkarteari 4.000 euro ematea, uztaila eta abuztuko udalekuak antolatzeko.
Udaleku irekietan jarduera ugari egiten dituzte. Irudian, haurrak marrazten. (Argazkia: Larratxoko Osteguna auzo elkartea)
Larratxoko Osteguna auzo elkarteak urteak daramatza janaria biltzen. Izan ere, auzoko familia askok egoera ekonomiko zaila bizi dute, eta urtean zehar diru laguntzaren bat jasotzen dute euren seme-alaben elikadura ziurtatzeko. Halere, ikasturtea amaitzen denean, “inork ez du haur horien ardura hartzen; ez daki zer eta nola jaten duen”, azaldu du Osteguna auzo elkarteko kide Juan Luis Apalategik.
Auzo elkartetik, beraz, janaria biltzeko ekimena abian jarri zuten duela urte batzuk: “Baina, horretaz gain, harago joan gintezkela pentsatu genuen: haur horiek ikasturtean bezala integratuta egon beharko litzatekeela. Horregatik, haurrak etxean bakarrik egon ordez (gurasoak lanean daudelako), udaleku ireki batzuen ideia bururatu zitzaigun”.
4.000 euroko diru laguntza
Garai batean, aisialdi talde bat zegoen Larratxon, baina dagoeneko ez dago horrelakorik, “eta hutsune handi bat nabaritzen da”. Hortaz, auzotarrek elkarteari eskatu izan diote aisialdi talde bat egiteko. “Azkenean, bi gaiak elkartu genituen (janari bilketena eta udalekuena), eta horrela sortu ziren udaleku irekiak”, adierazi du Apalategik.
Bada, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Larratxoko Osteguna Auzo Elkarteari 4.000 euroko diru laguntza ematea, uztaila eta abuztuko haurrentzako udaleku ireki horiek antolatzeko. “Udalak gurekin zituen konpromisoak bete ditu, eta pozik gaude albistearekin”, amaitu du Apalategik.