Amarako jaietako lagunak, ostegun goizean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bi auzotan antolatu dute jaietako egitaraua, ostegunetik igandera:?Amaran eta Loiolan. Ostegun goizean hasi zituzten festak Amaran, Txorimaloaren muntaketarekin; Loiolan, berriz, arratsaldean lehertu zen festa, puxiken leherketarekin, globota! Bi auzoetan jai batzordeetako kideak irrikaz dabiltza, egunotan, urte osoko lana behar bezala ateratzeko gogoz.
Amarako jaien gune nagusia Easo plaza izango da, eta kontu aipagarrienak azaldu ditu jai batzordeko kide Mikel Garciak: «Berrikuntzen artean ditugu ostiraleko xake partidak; berreskuratu dugu bere garaian egiten zuten zerbitzari lasterketa; eta krosaren ibilbidea aldatu egin dugu». Zerbitzari lasterketa larunbatean egingo dute, 11:00etan, eta helburua da eskutan erretilu bana hartuta, hiru edalontzi erori gabe bukatzea bira: «Auzoko tabernetan zabaldu dugu deia, eta ea animatzen diren! Duela urte asko egiten zuten, eta auzoko batzuek proposatuta, berreskuratzea pentsatu genuen». Antzinako uniforme klasikoa jantzi beharko dute partaideek, eta garagardo botila bat eta bi kaña garraiatu beharko dituzte. Bi lagunentzako afaria irabaziko du onenak, Petritegi sagardotegian; eta uniformerik onena ere sarituko dute.
Badirudi krosa ez zebilela indartsu, eta ibilbidea aldatzea erabaki dute: «Lehen bi itzuli egiten zituzten, aldapekin, eta beti esan izan digute gogorra zela. Aurten, ibilbidea laua izango da. Easotik Errondo pasealekura, Morlans arte, eta hortik Autonomiatik itzuliko dira Easo plazara, hiru aldiz». Lasterketa igandean izango da, 11:00etan.
Gainontzean badituzte jarduera arrakastatsuak: ostiraleko kontzertuak, marmitako eta paella lehiaketak, eta haurrentzako jolasak eta zezen suzkoa. Danborrada urtero egiten dute, eta larunbat arratsaldean izango da.