Musikaz goxatuko dituzte igande arratsaldeak Antiguako gaztetxean
Udako igande iluntzeei irtenbide duin bat emateko proposamen batekin datoz Antiguan. Izan ere, Igande ahaztezinak izenburupean, udako igande arratsaldeak girotzera eta proposamen erakargarri bat eskaintzera dator Txantxarrekaren programa berezia.
Momentuz, Jurgi Ekizaren kontzertu akustiko bat eta Kuban sentiaraziko duten musika festa eder bat. Horiexek dira Antiguako Txantxarreka gaztetxeak, hurrenez hurren, uztailaren 31rako eta abuztuaren 7rako dituen proposamenak.
Jurgi Ekizak Antiguan estreinatu zuen zuzenean bere lehen bakarkako lana. Orain auzoko gaztetxean gozatu ahal izango dute musika zaleek Willis Drummondeko abeslari eta gitarristaren abesti intimoenez.
Abuztuko lehen igandean, berriz, D’Capricho talde kubatarrarean txandan izango da. Poesia eta musika kubatarra nahasten dituen Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpen proiektua da D’Capricho. Idazle kubatar ezagunen idatziei ahotsa jarri izan diete eta azken proiektuan Miren Agur Meabe, Arrate Mardaras edo Leire Bilbaoren lanekin ausartu dira.
Antiguatik mugitu gabe Karibeko irlara bidaiatzeko aukera eskainiko dute euren musika eta erritmo biziekin. Eta gainera, mojitoak ere prestatuko dituzte gaztetxea girotzeko.
Bi emanaldiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrerak hiru eurotan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.
Momentuz bi saio hauek presatu dituzte igandeak ahaztezinak izan daitezen, baina gaztetxeko jardunak ez du etenik.
Aste Nagusi piratari inolako konpentziarik egiteko asmorik gabe, kontzertu bat prestatu dute abuztuaren 17rako. Kasu honetan Orreaga 778 eta Syndrome 81 taldeak igoko dira agertokira, 20:00etatik aurrera. Sarrera hiru eurotan eskuratu ahalko da.
Eta udako egitaraua biribiltzeko abuztuak 18an Aingura kofradiaren BiziFestak geldialdi bat egingo du Txantxarrekan.