Telmo Yurramendi: 'Kantabriatik bueltan'
Telmo Yurramendi; arraunlaria.
Pasa den asteburu honetan bi estropada izan ditugu, biak Pedreñan, Santanderreko badian. Larunbatean, arratsaldeko zazpietan izan zen eta igandean berriz, ordu erdi beranduago. Marea kontuak. Pedreñakoak, estropada eremu irregularra izateko fama du: sakonera gutxi, hondar-bankuak, itsaslasterrak, haizea… Adibide bat emateko, barruko balizak lehorrean botatzen dituzte traktore baten bidez. Horri guztiari, atzera eta aurrera itsasontzi asko ibiltzen dela gehitu behar zaio, eta antolakuntzak lana izaten du inor estropada eremuan sartu ez dadin.
Larunbatean, kafea hartzen ari ginela, bigarren kalea tokatu zitzaigula esan ziguten. Ez genekien txarra ala ona zen, eta aurreko urteetako emaitzak errepasatzen hasi ginen mugikorraren bidez. Erreferentziak ez ziren onenak. Baina ez zegoen beste aukerarik eta moldatu beharra genuen. Txandan azkenak, estropada txukuna eta oso borrokatua jokatu arren. Banderatik hamaika segundora gelditu ginen, eta bigarren eta hirugarren postutik zazpira. Bigarren kalearen lehen zatian hondarrak kalea asko gogortzen zuen eta puntu horretan egin ziguten ihes hirugarren luzean, arnasa larritu eta indarrak ahultzen hasten diren unean. Baina, beste aldetik, Lekittarrari bi segundo sartu genizkion eta horrek igandean ohorezko txandan aritzeko aukera emango zigun, benetan garena erakusteko.
Igandean, Pedreñara buelta eta kafea hartzen ari ginela, berriz ere bigarren kalea tokatu zitzaigula esan ziguten. Ur baldekada hotza. Nahi ez genuena. Hasieran muturra okertu baina alde horretatik ezer egiterik ez zegoenez, kontzentratu eta txanda irabaztera atera ginen. Estropada larunbatean baino are estropada estuagoa ateratzen. Ondarroak bederatzi segundo atera zizkigun eta Getariak hiru. Pedreña eta gu parean. Pedreñako patroiak eta arraunlariek beraiek laugarren egin zutela esan zuten. Getariarrek ere hala zioten. Eguneko bigarren baldekada hotza lehorretik etorri zen: paperaren gainean laugarren egin genuela, 60 ehunenekogatik. Eta guk alderantzizkoa frogatzerik ez. 2016an fotofinisha ez edukitzearen ondorioak.
Hala ere, bi estropada oso on egin ditugu, batez ere bigarrena. Gure errendimendu maila altua izan da, emaitzek hala erakutsi ez arren. Ligan, postu bat jaitsi dugu Pedreñaren faboretan, Getariak sei puntu ateratzen dizkigu eta Ondarroak nagusi jarraitzen du. Baina ez gara makurtuko. Uztaileko azken bi estropadak eta abuztu osoa aurretik dugu eta borrokarako prest gaude, parean jartzen denari gauzak zail jartzeko. Ausartu daitezela.