"Aktibismoa eta ingurumenarekiko errespetua sustatu nahi ditugu"
Itsasfest jaialdia ospatuko dute abuztuaren 27an.
Itsasfest jaialdia ospatuko dute abuztuaren 27an Ondarretan. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan kokatzen da egitasmoa, eta ingurumenarekiko “kontzientzian eta sentsibilizazioan” pausoak ematea du helburu. Sancho Rodrigez, Itsasfest jaialdiko zuzendariarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAK.
Zein helbururekin sortzen da Itsasfest?
Aktibismoa eta ingurumenarekiko errespetua sustatu nahi ditugu. Jende askok hartu du parte proiektuan, denak aurrez lan asko egin dutenak sentsibilizazioaren alde. Asmoa da aldarrikapen eta jende guzti hori leku bakar batean biltzea eta jendea aktibatzea. Ingurumenarekiko errespetua gazteentzat moda moduko bat izatea lortu nahi dugu. Horregatik erabili ditugu kultura, musika, zinema… erakargarria izatea nahi dugu gaztetxoentzat.
Gazteei zuzendua dago, beraz.
Gazteei zuzendua dago bereziki, baina familia guztiarentzat izan daiteke egokia. Ez genuen festibal ekologiko bat egin nahi, etiketak kendu nahi genituen eta, horretarako, hainbat ekintza ezberdin egingo ditugu arlo ezberdinetakoak: kirola, musika, zinema… Bestela iritsiko ez ginatekeen jende batengana iritsi nahi dugu. Ikerltzaileek ere zortzi minutu inguruko hitz hartzeak egingo dituzte. Esaterako, “nora joaten da euriaren ura?” bezalako galderei erantzungo diote; oso arina izango da.
Ekintza asko egingo dituzue, gehienak Ondarretan.
Egia da ekintza gehienak abuztuaren 27an Ondarretan egingo dugun jaialdian egingo ditugula. Dena den, handik kanpo ere zenbait gauza egongo dira. Esaterako, abuztuaren 25ean guretzat oso garrantzitsua den jarduera bat egingo dugu: Geoparkera irteera bat Asier Hilario geologoarekin. Oso pertsona garrantzitsua izan da proiektuan eta ziur asko ikasteko aukera izango dugula. Datorren astean, abuztuaren 12an, Urdaibairen zehar egingo dugu beste ibilbide bat kirola eta paisajismoa uztartuz.
Jaialdiaren filosofia barne dinamiketan ere aplikatu duzue?
Bia. Ez zitzaigun logikoa iruditzen jaialdia plastikoz betetzea. Horregatik, berrerabilitako zenbait gauza erabili ditugu eta, esaterako, banatuko ditugun esku orriak landatu eta ureztatzen badituzu loreak irteten dira. Bestalde, bertako janariari ere garrantzia eman diogu. Lehen sektoreak erronka handiei egin behar die aurre eta horregatik beharrezkoa da hemengoa kontsumitzea. Ondarretan gai honek ere izango du bere lekua.
Besteak beste, Iberdrolak finantzatzen du proiektua. Horrek kontraesanik sortzen dizue?
Noski kontraesanak sortzen dituelako horrelako energia enpresa batek gure proiektua finantzatzeak, baina kontsumitzaile bezala egunero egin behar diegu aurre kontraesanei, eta horretan ari gara.