'Zertaz egiten dugu barre emakumeok?' ikastaroa eskainiko du Beatriz Egizabalek Donostiako Emakumeen Etxean.
Beatriz Egizabal, ipuin kontalaria. (Argazkia: kontukantoi.com)
Ipuin kontalaria eta
Klowna da Beatriz Egizabal (Lasarte- Oria, 1971). Umorea eta emakumeak izango ditu hizpide
abuztuan Donostiako Emakumeen Etxean eskainiko duen ikastaroan: Zertaz egiten dugu barre emakumeok? Egizabalekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAK.
Ipuin kontalaria eta Klowna zara.
Bai, baina kasualitatez. Ipuin kontalari ikastaro bat egin nuen Oihulari
Klownekin eta handik gutxira ordezkapen bat egiteko deitu zidaten. Ipuin kontalari batek kale egin zuen eta bere ordez joan nintzen liburutegi batera ipuin kontalari bezala. Gero, beste leku batzuetatik deika hasi ziren eta horrela hasi nintzen ipuinak kontatzen, 1998. urtean edo.
Klownarekin ondoren hasi nintzen, Oihularirekin egin nuen honen ikastaroa ere.
Orain umoreaz eta emakumeez mintzatzen zara. Nolatan?
Oihularin nenbilela Virginia Imaz niretzat erreferente handi bat bilakatu zen. Lehendik ere feminista nintzen baina agian ez nintzen ikuspegi horretaz jabetu. Espazio publikoa ez da berdina gizonezkoentzat edo emakumezkoentzat, eta umorea espazio publiko horretan dago. Ondorioz, umorea, hau da, umore sortzailea eta hartzailea emakumezkoa izan edo gizonezkoa izan ez da gauza bera. Umorea egiterakoan eta jasotzerakoan ikuspegi feminista izateak bestelako ikuskera bat ematen dizula ohartu nintzen. Feminismoa eta nire lan tresna, umorea, uztartu nituen.
Umore sortzailea eta umore objektua bereizten dituzu.
Sortzailea esaten dudanean komikoaz ari naiz, umoregileaz, alegia. Objektua esaten dudanean, aldiz, txisteko objektuaz, kasu honetan emakumeaz. Dena den, izan zitekeen gizon zuri heterosexuala ez den beste edonor, botererik ez daukan edonor. Objektu gisa mindua sentitu zaitezke.
Zein da ikastaroaren helburua?
Ikastaroa nahiko laburra da eta, beraz, helburu nagusia ondo pasatzea da. Erakutsi nahi nieke zergatik den umorea tresna garrantzitsua bizirauteko. Geure buruaz eta miseriez barre egitea lotu nahi nuke. “Ezin badut dantzan egin, hau ez da nire iraultza” esaten dugun moduan, umorearekin berdin. Goazen jolasaren arauak umorearekin apurtzera. Uste dut beharrezkoa dela umorea baina, noski, batzuetan haserretzea ere ezinbestekoa da.
Nola hartu daiteke parte ikastaroan?
Ikastaroa laburra da. Bi txanda egingo ditut; lehenengoa gaztelaniaz abuztuaren 9an, 10an eta 11an, eta hurrengoa euskaraz abuztuaren 23an, 24an eta 25ean. Lehenengo txanda ia betea dago, baina euskarazkora oso jende gutxi animatu da eta ez dakigu egin ahal izango dugun. Izena emateko nahikoa da 943 48 34 70 telefonora deitzea,
berdintasuna@donostia.eus helbidera idaztea, edo Emakumeen Etxera bertara joatea.