Bi errefuxiatuk botako dute txupinazoa Aste Nagusi Piratan
Bi errefuxiatu izango dira Matti Aste Nagusian. Gaia “ikusarazi” nahi izan dute horrela.
Piraten mugimenduak azaldu du ezin diola “bizkar eman” azken aldian “hainbeste hildako eragiten ari den dramari”: “Europar Batasuneko agintari politikoak modu lotsagarrian jokatzen ari direla uste dugu, eta gudatik eta pobreziatik ihesean ari denari ezin zaiola hesirik jarri. Are gehiago, beren herrialdeak hankaz gora jarri dituztenak Mendebaldeko potentziak direnean”.
Errefuxiatu ukraniar batek eta saharar batek botako dute txupinazoa aurten: “Gure herrian ondo ezagutzen dugu babes bila dabilenari aterpe ematea zer den. Horren erakusle da, adibidez Katherina, Euskal Herrian urte eta erdi daraman ukraniarra. Edo Hassanna, Marokok bizi osorako kartzelaratu nahi duen gazte sahararra”. Bestalde, SOS Arrazakeriako kideei eskerrak eman nahi izan dizkiete “bidelagun” izan dituztelako.
Aingura kofradia
Aingura kofradia izango da aurten Ezkila Kapitaina. Urtero kofradia batek izaten du Ezkila eramatearen ardura: “Aingura kofradia ere errespetuan oinarritzen da, ingurumenari izan beharreko errespetuan hain zuzen ere”. Azaldu dute pixkanaka Aste Nagusi Pirata “eraldatzeko” urratsak ematen laguntzen diela Aingurak.
Azkenik, udalaren egitarau ofizialeko kanoikada Alli abajo telesaileko kideek botako dutela eta, “eredu talka” nabaria dela azpimarratu dute.
Txupinazoa abuztuaren 13an izango da, larunbatean, La Flamenkan 18:30ean.